Gizartea -
Emakumeen kontrako indarkeria
Urruntze agindua hautsi eta bikotekideari ostiko egin dio, Gasteizen
Bestalde, gizon bat atxilotu zuten ostiralean, bikotekideari eraso, astindu eta lurrera botatzeagatik. Tratu txarrak jasan dituzten emakumeentzako arreta zerbitzua: 016
Erredakzioa
Gasteizko Udaltzaingoak 44 urteko gizonezko bat atxilotu zuen atzo, urruntze agindua hautsi eta bikotekideari ostiko egin izana leporatuta.
Udaltzaingoaren esanetan, atzo goizeko zortziak aldera, patruila batek pertsona bat lurrean etzanda zegoen beste bati ostikoak ematen ikusi zuen Eulogio Serdan kalean.
Agenteak bertaratu egin ziren eta lurrean etzanda zegoen pertsona emakume bat zela ikusi zuten. Erasotzailea bere bikotekidea zela esan zien udaltzainei.
Agenteek gizonezkoa atxilotu egin zuten, eta biktimarengandik urruntzeko agindu bat zuela jakin zuten ondoren.
Bestalde, Udaltzaingoaren arabera, ostiralean beste gizonezko bat (32 urte) atxilotu zuten Blas de Otero kalean, emakumeen kontrako indarkeria egotzita.
Arratsaldeko bostak aldera, patruila bat kale horretako denda batera joan zen, ustezko erasotzailea oso urduri dendako saltzaile bat jotzen ari zelako.
Agenteak iritsitakoan, gizonezko bat emakumezko bati astinduak ematen eta lurrera botatzen ere ikusi zuten. Erasotzailea bere bikotekidea zela eta aurretik ere beste bitan eraso ziola jakinarazi zien biktimak udaltzainei.
Tratu txarrak jasan dituzten emakumeentzako arreta zerbitzua: 016