Gizartea -

Ikerketa

Kutsatutako 20 tona arrautza likido atzeman dituzte Bizkaian

Miren Dorronsoro Eusko Jaularitzako Osasu Publikoko arduradunak lasaitasun mezua helarazi du, "ziur" baitaude ez dagoela kutsatutako produkturik merkatuan.

Kutsatutako 20.000 kilo arrautza likido atzeman dituzte Bizkaian

1:14

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Fipronilez kutsatutako 20.000 arrautza likido pasteurizatu atzeman ditu Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak Bizkaian. Frantziatik zetorren produktu-sorta.

Intsektizida honek kutsatuta atzemandako lehen sorta da Estatu Espainiarrean. Elikadura arloko banaketa-kateetan sartzeko produktuak ekoizteko bidali dute sorta Bizkaiko enpresa batera.

Miren Dorronsoro Eusko Jaurlaritzako Osasu Publikoko zuzendariak azaldu duenaren arabera, alerta jaso bezain pronto, Osasun Saileko ikuskapen zerbitzuak kutsatutako sorta geldiarazi du. Hala, produktuak ekoizteko kateren batean sartzea ekidin dute, "osasun publikoaren aurkako arriskuak ezabatzeko".

Horrez gain, Dorronsororen esanetan, datozen egunetan suntsituko dituzte kutsatutako arrautzak, alerta horren ondorioz abiatutako neurri guztiak martxan jartzeaz gain. Azkenik, lasaitasun mezua helarazi du, "ziur" daudelako ez dagoela "inolaz ere" kutsatutako produkturik merkatuan.

Adituek jakitera eman dutenez, gizakientzat "ia ezinezkoa da" huevina izenez ezaguna den produktuarekin kutsatzea, Belgikan eta Holandan atzemandako datuak kontuan hartuta ere, osasunean nolabaiteko arriskua eragiteko pertsona horrek milaka arrautza kontsumitu beharko lituzkeelako bizitzan zehar.

EBko beste zazpi herrialdetan atzeman dituzte kutsadurak

Beste zazpi dira Europar Batasuneko merkatuetan arrautza kutsatuak jaso dituzten estatuak.

Fipronil erabili zuten abeletxeetan dute jatorria arrautza horiek. Zorriak eta arkakusoak hiltzeko produktua da, baina debekatuta dago elikadura katean dauden animaliekin erabiltzea.

Herbehereetako abeletxe batean atzeman zituzten lehenengo arrautza kutsatuak, baina Fipronil hori Belgikatik iritsi zela jakin zuten. Horrez gain, honako herrialde hauetan atzeman dituzte kasuak: Austria, Erresuma Batua, Irlanda, Italia eta Eslovakia.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Bizkaiko albisteak Gizartea bideoak Gaurko azken ordukoa