Gizartea -
Zirkulazioa
Bi baztandar larri zauritu dira autoan ibaira erorita
71 urteko emakumea eta 30 urteko gizona Nafarroako Ospitaleko Zainketa Berezien Unitatean daude. Ezbeharra N-121-B errepidean gertatu da, ibilgailua Baztan ibaira jausi denean.
Erredakzioa
Bi baztandar (Nafarroa) larri zauritu dira bart autoan zihoazela ibaira erori direnean, Nafarroako Gobernuak jakitera eman duenez.
Aipatu iturriek zehaztu duteneaz, 71 urteko emakume bat eta 30 urteko gizon bat dira zaurituak eta Nafarroako Ospitaleko Zainketa Berezien Unitatean daude ingresatuta.
112 zerbitzuak atzoko 23:00ak aldera izan zuen ezbeharraren berri, N-121-B errepidean zihoan auto-gidari batek ibilgailua ibaian erorita ikusi eta abisua eman zuenean.
Dirudienez, ezbeharra izan zuen autoak errepideko hesia jo zuen lehenengo, zuhaitz bat gero eta azkenean Baztan ibaira erori zen 9 metroko altueratik.
Oronozko suhiltzaileek erreskatatu dituzte biktimak, eta gero anbulantzian eraman dituzte Ospitalera. Foruzaingoak hartu du gertatutakoa argitzeko ardura.