Gizartea -

Kataluniako atentatuak

Lehergailuz egindako gerriko bat, Alcanarreko etxeko hondakinetan

Mossoek uste dute erasotzaileek Riudacanyes herriko baserri batean prestatzen zituztela atentatuak. Ihesaldian, Abouyaaqoub Vilafranca del Penedeseko etxe batean ezkutatu ote zen ikertzen ari dira.

Alcanarreko etxearen irudia. EFE
Alcanarreko etxearen irudia. EFE

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Esquadra Mossoek benetako lehergailuz betetako gerriko bat aurkitu dute eztanda egin zuen Alcanarreko etxean hondakinak kentzean. Bartzelonako eta Cambrilseko atentatuak egin zituen zelula jihadistak bertan zuen oinarria.

Hondakinak kentzeko lanak zorrotz egiten ari dira, beraz, asteak iraun ditzakete.

Lehergailuz egindako gerrikoaz gain, Fernando Andreu Auzitegi Nazionaleko magistratuaren autoan irakur daitekeenez, liburu berde bat aurkitu dute, Abdelbaki Es Satty Ripolleko imamaren izenarekin. Arabiarrez idatzitako ohar bat dago bertan, Estatu Islamiarreko soldatuei zuzenduta. Haren kartera eta Vuelingeko hainbat billete ere badaude, haren izenean, Bruselarako noranzkoarekin.

Material lehergarriaren artean, 120 butano-bonbona, 500 litro azetona eta ur oxigenatua eta bikarbonatoa daude, baita iltze mordoa ere, metraila moduan erabiltzeko.

Ikertzaileen ustez, zelula terroristak Riudacanyes (Tarragona) herriko baserri abandonatu bat erabiltzen zuen babesleku moduan eta han planifikatzen zituzten erasoak. Alcanarreko txaletean, berriz, lehergailuak egiten zituzten.

Bestalde, Mohammed Houli Chemlalek Auzitegi Nazionaleko Fernando Andreu epailearen aurrean aitortu zuen atentatu handiago bat egitea zela asmoa eta Bartzelonako eraikin esanguratsuak zituztela jomugan, tartean Familia Santua.

Alabaina, lehergailuak prest ez zeudela ondorioztatu zuten, oraindik behar bezala sikatu gabe zeudelako. Hori dela eta, aukera hori atzeratzea erabaki zuten.

Abouyaaqouben ihesaldia

Bestalde, Mossoek Bartzelonako atentatuaren egilearen ihesaldia ikertzen jarraitzen du. Vilafranca del Penedès herrian dagoen etxebizitza huts batean babestu ote zen atertzen ari dira, 15 kilometrora dagoen Subirats herrira joan eta han patruila batek tiroz hil aurretik.

Aipatu etxea bart miatu zuten. Ikertzaileen hipotesi nagusia ondokoa da: Rambla pasealekuan erasoa burutu ostean, Boqueria azokatik egin zuen ihes, hiria korrika zeharkatu zuen eta Unibertsitatera iristean, Pau Perez labankadaz hil zuen, aparkatzen ari zen ibilgailua lapurtu eta ihesean segitu zuen.

Diagonalean Mossoen kontrolgune batekin topo egin zuen, baina ihes egitea lortu zuen. Autoa, Pau Perezen hilotza barruan zegoela, Walden de Sant Just Desvern eraikinaren ondoan utzi zuen.

Hortik aurrera haren arrastoa galdu zuten, lekuko baten testigantzari esker Subirats herriko mahasti batean aurkitu eta tiroz hil arte.

Mossoek uste dute ihesaldian bakarrik izan zela, baina Vilafrancako etxebizitza babesleku gisa erabili ote zuen argitu behar dute orain; izan ere, Boqueria azokako kamerek hartutako irudiak aintzat hartuta, atentatuaren egunean beste arropa bat zeraman soinean eta ez zuen gezurrezko lehergailuz egindako gerrikorik.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Bartzelona albisteak Espainia Atentatuak albisteak Gizartea albisteak Jihadismoa hoy Eguneko albisteak