Gizartea -

Emakumeen kontrako indarkeria

Bikotekidea, alaba eta ertzain bat jotzeagatik atxilotu dute Gasteizen

Taberna batean jo zuen emaztea, eta ertzain bat egoera lasaitzeko hurreratu zenean, ukabilkada bat eman zion aurpegian.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Ertzaintzak 31 urteko gizonezko bat atxilotu zuen atzo arratsaldean bere emazteari eta alabari eta baita beraiei laguntzera joandako ertzainetako bati ere eraso egiteagatik.

Gertakariak atzo arratsaldeko bostak hamar gutxi aldera izan ziren, Gasteizen. Emakume bat Eusko Jaurlaritzaren egoitza batera joan zen ordu horretan, segurtasun-lanetan zegoen ertzain bati taberna batean gertatzen ari zenaren berri emateko. Haren esanetan, gizonezko bat emakumezko bat eta adingabe bat jotzen ari zen bertan.

Horren berri jasota, ertzaina tabernara joan zen eta gizonezko bat ikusi zuen emakumezko bati eskumuturretik gogor eusten. Egoera lasaitzeko asmoz hurreratu zitzaienean, ustezko erasotzaileak ukabilkada bat eman zion agenteari aurpegian.

Handik gutxira, beste ertzain bat iritsi zen eta bien artean erasotzailea mendean hartzea lortu zuten.

Emakume biak osasun-zentro batera eraman zituzten, zauri arin batzuk artatzera.

Genero-indarkeria eta agintaritzaren agente baten kontrako atentatua leporatu dizkiote.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea