Gizartea -
Euskadin
Astelehen honetan hasiko da gripearen aurkako txerto kanpaina
Aurten, txertoak A gripearen birusa eta urtaroko ohiko gripearen beste bi birus daramatza.
Erredakzioa
Osakidetzak gaur hasi eta urriaren 31 arte indarrean izango du gripearen kontrako txerto kanpaina. Bereziki 65 urte edo gehiago dituztenei, haurdun dauden emakumeei, osasun zerbitzuetan lan egiten dutenei eta gaixotasun konkretu batzuk dituztenei zuzendutako kanpaina da. Hasiera batean, 420.000 dosi erabiliko dira.
Txerto berriak erosteko 2.184.250 euro gastatu dira eta H1N1 birusa (A gripea izenaz ezaguna) eta urtaroko ohiko gripearen beste bi birus dauzka.
Rafael Bengoa Osasun sailburuak gripea oso gaixotasun "kutsakorra" dela gogoratu du. Pertsona "gazte eta osasuntsuak harrapatzen baditu, prozesu onbera" da, baina birusak "konplikazioak garatu ditzaketen pertsonak" kutsatzen baditu "gaixotasun oso larria" bihur daiteke.
Hori dela eta, "txertoa neurririk eraginkorrena" dela adierazi du, izan ere, gaixotasuna harrapatzeko aukerak murriztu egiten ditu (pertsona osasuntsuetan, %70-90 murrizketa), ospitalera joateko beharra izateko aukerak ere %50-60 artean murrizten ditu eta hiltzeko aukerak ere %80 txikiagoak dira.
Bengoa sailburuaren hitzetan, " ez dugu ahaztu behar urtero txertoa errepikatzeak duen garrantzia"; gripearen birusa "oso aldakorra da, horregatik txertoaren konposaketa urtero eguneratu behar da".