Gizartea -

Ekaitzak

Uholdeak Gipuzkoako leku batzuetan, zaparrada handien ondorioz

Irunen, hiritar zentro bateko teilatuaren zati bat behera etorri da; ez da zauriturik izan. Prezipitazioek Gipuzkoako kostaldean eragin dituzte arazoak, batez ere.

Oiartzungo parke batean uholdeak izan dira. Argazkia: Itxaro Gartzia.
Oiartzungo parke batean uholdeak izan dira. Argazkia: Itxaro Gartzia.
Euri-zaparrada Donostian: 20 litro pilatu dira metro karratuko

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Asteazken honetako arratsaldean izandako zaparrada handiek uholdeak eta ur-putzu handiak sortu dituzte Gipuzkoako leku batzuetan, batez ere kostaldean. Irunen, hiritar zentro bateko teilatuaren zati bat behera etorri da; ez da zauriturik izan, baina aretoa hustu behar izan dute. Horrez gain, Donostian, Zarautzen, Orion, Azkoitian, Usurbilen eta Andoainen ere izan dira gertakizunak; Bizkaian, zaparrada handiak izan badira ere, ekaitzen eragina nabarmen txikiagoa izan da.

Euskalmet Euskal Meteorologia Agentziak orain arte hartutako datuen arabera, Gipuzkoan busti du gehien: Ereñozun, hamar minutuan, metro koadroko 15,4 litro bota ditu; Oiartzunen, 12,9; Behobian, 12,8; eta Lasarten, 11. Bizkaian, metroko koadroko 10,3 litro bota ditu Deustun, Bilbon.

Ordubetean botatakoa kontuan izanik, Gipuzkoari dagokionez, Ereñozun metro koadroko 44 litro neurtu dituzte; Oiartzunen, 33,2; Behobian, 30,4; Zarautzen, 29,2; eta Lasarten, 26,6. Araban, Agurainen, metro koadroko 23 litro neurtu dituzte.

Osteguneko 00:00etan, Segurtasun Sailak indargabetu du asteazken arratsaldetik indarrean izan den abisu horia, zaparrada handiengatik.

Irunen, hiritar zentro bat hustu dute

Hala, Udaltzainak Irungo hiritar zentroa hustu du, Ricardo Alberdi kalean; izan ere, teilatuko zati bat behera etorri da, euria dela eta. Ez da zauriturik izan.

20:00etara arte, horixe izan da arratsaldeko ekaitzek eragindako gertakariarik larriena. Gipuzkoako hainbat lekutan uholdeak eta ur-putzu handiak izan dira, batez ere itsasaldean. Bizkaian, aldiz, eragina txikiagoa izan da, Segurtasun Sailaren arabera.

Donostian, Zarautzen, Orion eta Irunen, hainbat kaletan eta etxabetan uholdeak izan dira.

Hiriburuan, suhiltzaileak zenbait aldiz irten behar izan dira, sortutako ur-putzuengatik.

Barnealdean ere izan dira arazo batzuk; adibidez, Azkoitian, Usurbilen edo Andoainen.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Donostiako informazioa Zer gertatu da Bizkaian? Gaurko albisteak Gipuzkoa Zarautz Eguraldia Donostia Agurain albisteak Irun bideoak Lasarte-Oria bideoak Azkoitia Oiartzun Albisteak