Gizartea -

Gipuzkoa

Zubietako erraustegiaren kontrako giza katea deitu dute irailaren 10erako

Azpiegitura horrek izango duen "gastu izugarria" salatu dute, "mahai gainean aukera merkeago, ekologikoa eta osasungarriagoa daukagunean".

Zubietako erraustegia. Artxiboko argazkia: EFE
Zubietako erraustegia. Artxiboko argazkia: EFE
Zubietako erraustegia. Artxiboko argazkia: EFE

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Donostia Bizirik taldeak eta Errausketaren Aurkako Herri Plataformen Koordinakundeak Zubietako erraustegiaren kontrako eta osasunaren aldeko giza katea antolatu dute irailaren 10erako, Kontxako hondartzan (Donostia). EH Bilduk, Alternatibak, Equok, Irabazik, Ezker Anitza-IUk, Podemos-Ahal Duguk, Andoiain Irabazik, ESK-k, CCOOk, Duintasunak, LABek, Eguzkik, Ekologistak Martxanek eta Greenpreacek bat egingo dute ekimenarekin.

Mobilizazio horretako antolatzaileek Gipuzkoako hiriburuan azpimarratu dutenez, Zubietako erraustegiko lanak hasi dituzten arren, "borrokarekin" jarraituko dute azpiegitura hori eraiki ez dezaten. Hala, 11:30ean giza katea egingo dutela iragarri dute, Kontxako hondartzako sarreran.

"Erraustegiaren alde dauden ordezkari politikoen eta enpresen interesak salatzen jarraituko dugu, eta gure esku ditugun oztopo guztiak jartzen saiatuko gara", ziurtatu dute antolatzaileek.

Halaber, 2007tik 2015era bitartean gipuzkoarren zabortegietara bidalitako hondakin kopurua "% 45 murriztu" dela nabarmendu dute, eta urtero joera bera izan dela azpimarratu dute. "2016an, kasualitatez, ez da murrizketarik egon aurreko urtearekin alderatuta". Zubietako erraustegiaren kontrako taldeen esanetan, horrek "argi erakusten du zeintzuk diren Gipuzkoako agintarien interesak, gaur egun soilik 160.000 tona dituzten arren urtero 200.000 tona behar dituztelako munstroa elikatzeko".

Era berean, Zubietako erraustegiaren inguruan bizi diren herritarrei osasun azterketak egingo dizkietela kritikatu dute, "gaixotu direnentzat ikerketek ez dutelako balio". Horrenbestez, dagoeneko eginak dauden ikerketei kasu egiteko eskatu diete agintariei.

Azkenik, azpiegitura horrek izango duen "gastu izugarria" salatu dute: "1.000 milioi euro baino gehiago, gipuzkoar bakoitzeko 1.500 euro baino gehiago, beti ere aukera merkeago, ekologikoa eta osasungarriagoa mahai gainean daukagunean", esan dute.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Donostia bideoak Gaurko albisteak Gipuzkoa Euskal Autonomia Erkidegoa albisteak Gizartea albisteak Gaurko azken ordukoa Azken ordukoa protestak Ingurumena azken ordukoa