Gizartea -
Goi-bilera New Yorken
Finantza-transakzioei zergak ezartzea defendatu du Zapaterok
Gainera, garapenerako fondoak biltzeko hegazkin-txarteletan borondatezko tasa bat ezarri nahi du Espainiako Gobernuak.
Erredakzioa
Nazioarteko finantza-transakzioei tasak ezartzea defendatu du gaur Jose Luis Rodriguez Zapatero Gobernuko presidenteak, goseari eta pobreziari aurre egiteko. Nazioarteko foro guztietan (EB eta G-20 taldean) neurri hori defendatzeko konpromisoa hartu du Zapaterok.
Nahiz eta krisian izan esfortzuak mantentzeko eskatu die estatuei Zapaterok, eta Espainiako laguntzaren "balaztada aldi baterako" dela bermatu du.
Finantza-sistemaren erreskatean parte hartu zuten herrialdeek orain sistema horri "laguntza txiki bat" eskatzea "logikoa, bidezkoa eta zentzuzkoa" dela adierazi du buruzagiak, milioika lagun pobreziatik ateratzeko ahaleginean.
Hegazkin-txartelak
Gainera, garapenerako fondoak biltzeko hegazkin-txarteletan borondatezko tasa bat ezarri nahi du Espainiako Gobernuak, Frantzian dagoeneko martxan dagoen ekimena, Exekutiboko iturriek gaur jakinarazi dutenez.
Milurtekoaren Helburuak betetzen direla ikuskatzeko Nazio Batuen Erakundeak goi-bilera antolatu du New Yorken (AEB) eta "diru-sarreren sistema global" bat defendatu du Zapaterok bertan, munduan beharrezkoak diren erreformak egiteko.
Diru-sarreren sistema global horretan derrigorrezko zergak izango lirateke, G-20 taldea aztertzen ari den finantza-tasak esaterako, edo hegazkin eta itsas garraioari kutsatzeagatik ezar ahal dizkietenak. Bestalde, borondatezko ekarpenak egongo lirateke, hegazkin-txartelena adibidez.
Azken kasu horretan, diru-bilketa zuzenean garapenerako laguntzara bideratuko lukete.
Frantziak, beste dozena bat estatuk bezalaxe, dagoeneko mekanismo hori ezarri du. Hegazkin-txartel nazionaletan euro bateko borondatezko tasa jarri dute, eta nazioarteko hegaldietan bi eurokoa.
Gobernuko iturrien arabera, sistema horrekin urtero 160 milioi euro bildu dituzte garapenerako.
Ban Ki-moon
Bestalde, 2015ean pobreziarekin amaitzeko helburua betetzeko herrialdeek, inbertsioaz gain, borondate politikoa behar dute ahulenei laguntzeko, esan du Ban Ki-moon NBEko idazkari nagusiak.
Milurtekoaren Garapen Helburuak (ODM) 2025ean betetzea "pena merezi duen egitasmo global bakarra da", adierazi du Banek goi-bileraren hasieran. Bilera irailaren 22ra arte egingo dute NBEko egoitzan, New Yorken.