Gizartea -
Ijitoen kanporaketak
Reding, 'indartuta' Frantziarekin polemika izan eta gero
Frantziak egindako ijitoen kanporaketak Bigarren Mundu Gerrako juduen erbesteratze masiboekin alderatu ez dituela esan du Europako Justizia komisarioak.
Erredakzioa
Ijitoen kanporaketak direla-eta Frantziarekin izandako polemikak politikoki ahuldu ez duela ziurtatu du gaur Viviane Reding Europako Justizia komisarioak. EBko Exekutiboan "indartu" duela adierazi du Redingek.
"Guzti honek indartu egin nau", esan du komisarioak prentsaurrekoan. Europar Batasunaren oinarrizko printzipioak defendatu ditu Redingek.
Frantziak egindako ijitoen kanporaketak Bigarren Mundu Gerrako juduen erbesteratze masiboekin alderatu ez dituela esan du Redingek, baina Europako herrialdeek giza-taldeak kanporatu ezin dituztela azpimarratu du.
"Zantzu sendoak"
Bestalde, Reding Askatasun Zibilen Batzordearekin bildu da eta Frantziak ijitoak kanporatzeko hartutako neurriak ilegal jotzeko "zantzu sendoak" daudela jakinarazi du, Juan Fernando Lopez Aguilar eurodiputatu sozialista espainiarraren esanetan.
Redingek eta Cecilia Malmstrom EBko Barne gaietarako komisarioak bilera egin dute ateak itxita Europako Parlamentuko Batzordearekin ijitoen kanporatzeaz egiten ari diren ikerketaren nondik norakoak argitzeko.
Bileran, gainera, Europako Parlamentuko batzorde horrek eta Van Ronpuyk irailaren 29an egingo duten batzarra ere prestatu dute; egun horretarako aurreikusita dago, hain zuzen ere, EBk osoko bilkuran Frantziari espedientea zabalduko dion ala ez erabakitzea.
Lopez Aguilarrek egindako adierazpenen arabera, Batzordeak aurreratu du Frantziak, ijitoak kanporatuta, zuzenbide komunitarioa urratu duela erakusten duten "zantzu sendoak" daudela.
Proba nagusia Franziako Gobernuak abuztu hasieran Poliziari bidali zion zirkular edo agiria da. Agiri horretan ijitoen kanpalekuak husteko agintzen zuen Gobernuak.
"Agiri hori ez da gutun pribatu bat, juridikoki loteslea baizik, eta ez du esaten indibidualki egindako delituengatik hustu behar direnik kanpalekuak, etnia bateko kide izateagatik baizik" gaineratu du PSOEko eurodiputatuak.