Gizartea -

Zazpi lapurreta

Espetxera, Gasteizko igogailuetan adineko emakumeei lapurtzeagatik

Erasotzaileak indarkeria neurrigabearekin egiten zituen lapurretak, biktima batzuk ospitalera eraman behar izan dituzte; horietako bat ospitalean dago oraindik.

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

39 urteko gizon bat atxilotu du Ertzaintzak, eta epaileak espetxera bidali du, iragan abuztuan gutxienez zazpi lapurreta egitea egotzita. Gasteizko etxebizitzetako igogailuetan adineko emakumeei eraso egiten zien, horietako batzuk ospitalera eraman behar izan zituzten.

Segurtasun Sailak gaur jakitera eman duenez, erasotzaileak indarkeria neurrigabearekin egiten zituen lapurretak, biktima batzuk ospitalera eraman behar izan dituzte; horietako bat ospitalean dago oraindik.

Lapurretak abuztuaren erdialdera hasi ziren eta Arabako hiriburuko etxebizitza ezberdinetan egin zituen, batez ere alde zaharrean eta hiriko erdialdean.

'Modus operandi'

Ertzaintzak jasotako salaketen bidez lapurraren 'modus operandi' zehaztea posible izan da. Lapurreta gehienak oso antzekoak ziren. Erasotzailea etxeetako atarietara sartu eta biktimarekin igogailuan igotzen zen.

Beste batzuetan, ordea, eskailera-buruan itxaroten zuen adineko emakumeak, guztiak 78-89 urte bitartekoak, igogailutik atera arte.

Ustezko erasotzailearen profila zehaztu ondoren, ertzainek herenegun identifikatu zuten Gasteizen, eta atxilotu egin zuten bost lapurreta leporatuta, baina ondoren antzeko beste bi lapurreta egotzi zizkioten. Udaltzaingoak jasotako beste bi salaketa ziren.

Gaur, izapideak amaituta, atxilotua epailearen esku utzi dute, eta magistratuak espetxera bidali du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Delituak Gizartea bideoak Eguneko albisteak Gasteiz berriak Lapurretak azken ordukoa Eguneko albisteak