Gizartea -

2017/2018 ikasturtea

Unibertsitario berrien % 52k euskaraz ikasiko dute EHUn

32.500 ikasle izango ditu Euskal Herriko Unibertsitateak ikasturte honetan, hiru campusetan eskainitako 86 graduetan.

Euskal Herriko Unibertsitatearen (EHU) Leioako campusa. Artxiboko irudia: EiTB
Euskal Herriko Unibertsitatearen (EHU) Leioako campusa. Artxiboko irudia: EiTB
32.500 ikasle izango ditu 2017-18 ikasturtean EHUk

1:18

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Euskal Herriko Unibertsitateak (EHU) jakitera eman duenez, matrikularen azken bi epeak betetzeko datuen faltan, 8.128 ikasle berrik egin dute matrikula, horietatik % 52k euskaraz ikasiko dute (4.286) eta % 47k gazteleraz (3.842).

Guztira, 32.500 ikasle izango ditu EHUk 2017/2018 ikasturtean, hiru campusetan eskainitako 86 graduetan.

Arabako campusak 1.684 unibertsitario berri hartuko ditu, Gipuzkoak 1.998 eta Bizkaikoak 4.446.

EHUn matrikulatu eta notarik altuena (13,845) duen pertsonak Industria Teknologia Ingeniaritza aukeratu du.

Aurten ikasle bat onartzeko notarik altuena eskatzen zuen gradua Fisika eta Ingeniaritza Elektronikoa izan da (12,882), ondoren Biokimika eta Molekula Biologia (12,531) eta Medikuntza (12,331).

Bestalde, Ibilgailu Ingeniaritza EHUko gradu berrian sartzeko 200 aurre-matrikula baino gehiago aurkeztu dituzte ikasleek. Gasteizko Ingeniaritza Eskolako gradu berriak 40 plaza eskaintzen zituen soilik, eta onartzeko nota 9,825ekoa zen.

Ikasturtearen hasiera ekitaldia

EHUko zentro batzuetan eskolak hasi dira dagoeneko, eta gainerakoak datorren astean hasiko dira. Ikasturtearen hasiera ekitaldia astelehenean egingo dute, Donostiako Carlos Santamaria Zentroan.

Urritasunen bat duten 300 ikasle baino gehiago hartuko ditu EHUk aurten, horietatik 100 bat unibertsitario berriak dira.

Gainera, EHUk 106 master eskainiko ditu ikasturte honetan. Master ofizialetan 3.702 plaza eskaini dituzte eta matrikula zabalik dago.

Era berean, graduondoko 40 titulu eskaini ditu Euskal Herriko Unibertsitateak, horietatik bederatzi berriak dira.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Euskara EAE Eguneko albisteak Hezkuntza