Gizartea -
Trafikoa
5 bidaiari zauritu dira Gasteizen autobus batek ezustean balaztatuta
Santiago eta Txagorritxu ospitaleetan artatu dituzte zaurituak, haurtxo bat tartean.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Bost bidaiari zauritu dira Gasteizen, hamar hilabeteko umetxo bat tartean, Tuvisa konpainiako autobus batek ezustean bortizki balaztatu ostean. Antza denez, beste ibilgailu baten kontra talka ez egiteko, bat-batean balaztatu behar izan du gidariak.
Istripua astelehenean gertatu zen, 11:00k aldera, Araba kalean. Gasteizko Udaltzaingoak gaur jakinarazi duenez, autobus gidariak bortizki balaztatu behar izan zuen beste ibilgailu baten kontra talka ez egiteko.
Balaztatzearen ondorioz, autobusean zihoazen hainbat bidaiari lurrera erori ziren eta horietako bost zauritu ziren, hamar hilabeteko haurtxo bat tartean.
Zaurituei dagokienez, horietako hiru —26, 29 eta 70 urteko emakumezkoak— Santiago ospitalera eraman zituzten, eta gizonezko bat eta umetxoa, berriz, Txagorritxura.