Gizartea -
Hiru atxilotu Gasteizen
Logroñeseko eta Alaveseko jarraitzaileek istiluak eragin dituzte
Gutxienez hiru lagun zauritu dira. 50 bat lagunek edukiontziak gurutzatu dituzte.
Erredakzioa
Ertzaintzak hiru lagun atxilotu ditu eta, gutxienez, beste hiru lagun zauritu dira Alaveseko eta Logroñeseko jarraitzaileen artean izandako liskarretan, Gasteizen. Bigarren B mailako bosgarren jardunaldian norgehiagoka zuten bi futbol taldeek Mendizorrotzan.
Ertzaintzako iturriek jakitera eman dutenez, liskarrak 19.15ean hasi dira, Mendizorrotza futbol zelaitik gertu, Portal de Castilla kalean.
50 bat lagun edukiontziak gurutzatzen hasi dira, eta batzuei su eman diete. Era berean, taberna batean kalteak eragin eta auto-denda bateko kristalak apurtu dituzte. Telefono-kabina bat ere birrindu dute.
Logroñeseko jarraitzaileak
Logroñeseko jarraitzaileek istiluak hasi dituztela esan dute lekukoek. Logroñeseko jarraitzaileek botilak jaurti dituzte eta bateak, makilak eta arma zuriak zeramatzaten.
Besoetan zauriak zituen lagun bat Txagorritxuko ospitalera eraman behar izan dute eta, gutxienez, beste bi lagunek kolpeak jaso dituzte, eta buruan ebakiren bat izan dute.
Poliziako patruilak bertaratu eta hiru lagun atxilotu dituzte. Era berean, Udaltzaingoak 20 bat lagun identifikatu ditu.