Gizartea -
Gertakaria
Irunen poltsak osten harrapatu dute eta polizia dela esan du
Taberna batean zorroak osten harrapatu dutenean, plaka faltsu bat atera eta bere burua poliziatzat aurkeztu du.
Erredakzioa
Ertzaintzak 28 urteko gizon bat atxilotu du gaur goizaldean Iruneko klub batean zenbait poltsa osteagatik. Ustekabean harrapatu dutenean, poliziatzat aurkeztu du bere burua gezurrezko plaka bat erakutsiz.
Herrizaingo Sailaren arabera, goizaldeko ordu biak aldera, Iruneko taberna bateko arduradunak Ertzainari deitu dio bezero batek bi poltsa ostu dituela eta, ustekabean harrapatu dutenean, polizia plaka faltsu bat erakutsi diela esanez. Plaka erakutsita, zenbait pertsona identifikatzen saiatu da, gainera.
Harrapatu dutenean, berarekin zihoazen hiru lagunek tabernatik alde egin dute, eta lapurreten ustezko egilea bertan gelditu da, lokaleko arduradunak atxikita. Susmagarriak lokaleko langile batzuen zenbait mugikor ostu ditu, eta plaka jolas-makina baten atzeko aldera bota du.
Patruila bat bertaratuta, agenteek gertakari horien egilea atxilotu dute (aurrekariak ditu), plakak eramateko zorro bat eta, barruan, plaka simulatu bat aurkitu ostean. Funtzio publikoak usurpatzea egotzi diote. Geroago, ertzainek ustezko lapurraren lagun bat aurkitu dute handik gertu, auto batean ihes egin nahian. Hori ere atxilotu dute, desobeditze-delitua leporatuta.