Gizartea -
Trafikoa
A-8 autobideko egoera hobetu da zenbait ordutako kaosaren ostean
Bestalde, N-I errepidea guztiz irekita geratu da Arrazua-Ubarrundia (Araba) parean, erreietako bat lau ordu baino gehiago itxita izan eta gero, kamioi batek su hartu ostean.
Erredakzioa
Repsolen kamioi batek tirabira egin du goizeko bederatziak aldera A-8 autobideko irteera batean, Mirafloresen parean, Bilbon (Bizkaia), eta autobidea kolapsatu du Donostirako bidean. Istripuak auto-ilarak eragin ditu Zorrotzako bihurguneen ingururaino, baina orain, zirkulazio motela dago.
Istripuak Mirafloreseko irteera itxita egotea eragin du, baina dagoeneko erreietako bat zabaldu dute. Hala ere, erregaiaren isuriak eragindako kalteengatik errepidea berriro asfaltatu beharko dute.
Istrupuaren ondorioz, kamioiak kargaren erregaia galdu du, baina suhiltzaileak erregai-ihesa hamarrak aldera kontrolatzea lortu dute. Garbitzaileak eta suhiltzaileak bertan jarraitzen dute errepidera erori den erregaia garbitzen.
Kamioilaria libratzea lortu dute eta Bilboko Basurtuko Ospitalera eraman dute.
Beste kamioi batek su hartu du
N-I errepidea guztiz irekita geratu da Arrazua-Ubarrundia (Araba) parean, Madrileko noranzkoan, erreietako bat lau ordu baino gehiago itxita izan eta gero, kamioi batek su hartu ostean. Ezbeharrak auto-ilarak eragin ditu.
Herrizaingo Saileko iturriek jakinarazi dutenez, kamioiak 12:10 aldera hartu du sua, matxura baten ondorioz.
Hasiera batean Madrileko noranzkoaren bi erreiak itxita geratu dira, baina ordu erdi geroago horietako bat zabalik geratu da.
Ibilgailua errepidetik kentzeko lanek zirkulazioa oztopatu dute eta kilometro bateko auto-ilarak eragin ditu.
Kamioia garabi batekin kendu dute 16:15ean, eta ordu erdi geroago bidea garbitu ostean zirkulazio berrezarri dute.