Gizartea -

Txinara bisita ofiziala

'Esfortzua eta kalitatea' eskatu die lehendakariak enpresaburuei

Txinara lehendakari batek egiten duen lehen bisita ofizialaren aurreneko eguna dastatzeko menu batekin amaitu da Shanghain. Bost euskal sukaldari ospetsuk prestatu dute afaria.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Txinako merkatuan interesa duten euskal enpresariei "esfortzua eta kalitatea" eskatu die Patxi Lopez lehendakariak.

Txinara lehendakari batek egiten duen lehen bisitaren aurreneko eguna dastatzeko menu batekin amaitu da Shanghain. Bost euskal sukaldari ospetsuk prestatu dute afaria, izan ere, guztien artean Michelin gidako 15 izar pilatzen dituzte.

Horrela, Patxi Lopezek bisita ofizialaren lehen eguna bukatu du, 50 bat gonbidaturekin afalduz. Gonbidatuen artean, Txinako kazetariak izan dira. Afaria Gran Melia Shanghai hotelean izan da, bertan erkidegoen "aste gastronomikoak" egiten ari baitira.

Shanghaiko Nazioarteko Erakusketaren Espainiako pabiloiarekin elkarlanean, hotelak Estatuko erkidego bateko sukaldari bat eta beste atzerritar bat batzen ditu bere sukaldean, hilabete hauetan, baina gaur hasitako Euskadiren Astean bost euskal sukaldari bilduko dituzte.

Horrela, Juan Mari Arzak, Pedro Subijana, Martin Berasategi, Andoni Luis Aduriz eta Eneko Atxa sukaldariek Mondragon Unibertsitateko Euskal Sukaldaritza Zentroa sustatuko dute. Luxuzko hoteleko bezeroentzako menuak egingo dituzte egun hauetan. Hotela Shanghaiko finantza-barrutian dago.

Bilera ekonomikoa

Era berean, Lopez enpresaburuekin bildu da hotel berdinean, arratsaldean, ''Txinara hurbiltzea, esperientzia lokaletik'' izeneko jardunaldian.

Lehendakaria eta euskal ordezkaritza Kunshanera (Jiangsuko probintzia) joango dira bihar, MCCk bertan dituen enpresak bisitatzeko. Bien bitartean, sukaldariek aste gastronomikoa aurkeztuko dute Gran Melia Shanghai hotelean.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea