Gizartea -
Nafarroa
Atzo desagertutako aranaztar baten gorpua aurkitu dute
Arratsaldean eman zuen abisua sendiak, eta bilaketa taldeek 22:00ak aldera topatu zuten hilotza. Oraindik argitzeke daude heriotzaren nondik norakoak.
agentziak | erredakzioa
Suhiltzaileek atzo, asteazkena, desagertu zen 66 urteko Arantzako emakume baten gorpua aurkitu dute bart, Nafarroako Gobernuak jakinarazi duenez.
19:30 jotzear zirenean deitu zuten senideek Nafarroako Larrialdietarako 112 telefonora, emakumea 16:00ak aldera etxetik irten eta 18:00etan senide batekin zuen hitzordura ez zelako agertu. Emakumea herriaren inguruan egin ohi duen ibilbidea egitera joan zen.
Familiak hura bilatzeari ekin zion, baina, iluntzen hasi zuenean, SOS Nafarroa jakinaren gainean jartzea erabaki zuen. Ondorioz, Oronozko eta Cordovillako suhiltzaileak bertaratu ziren, baita Foruzaingoko eta Guardia Zibileko agenteak ere.
Salbamenduko Txakur Taldea ere ohartarazi zuten, baina ez zuen esku hartu.
22:00ak jotzeko minutu gutxi falta zirenean aurkitu zuten suhiltzaileek hilotza. Epailearen baimena jasotakoan, Medikuntza Legaleko Institutu Nafarrera eraman zuten autopsia egitera. Guardia Zibilak bere gain hartu du heriotza horren nondik norakoak argitzeko ikerketaren ardura.