Gizartea -
Eusko Legebiltzarra
Osakidetzan irregulartasunik izan ez dela esan du Bengoak
Osatek sozietate publikoak egindako kontratu baten legezkotasuna zalantzan jarri du EAJk. "Difamazio estrategia" bat dela adierazi du Osasun sailburuak.
Erredakzioa
Aholkularitza zerbitzuen kontratazioan irregulartasunik izan ez dela esan du gaur Rafael Bengoa Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburuak. ''Marguello auzia''n "arreta desbideratzeko difamazio estrategia" bat dela salatu du Bengoak. Bestalde, Osatek sozietate publikoak egindako kontratu baten (14 milioi eurokoa) legezkotasuna zalantzan jarri du EAJk.
Osasun Sailak egindako zenbait kontraturi buruzko informazioak agertu ostean sortutako "zalantza artifizialei" erantzuteko Eusko Legebiltzarreko Batzordean agerraldia egin du Bengoak. Pablo Arbeloa Osatek sozietate publikoko arduradunarekin eta Paloma Acevedo Osakidetzako Farmazia zuzendariarekin lotura duen enpresa batekin egindako kontratuak izan dira eztabaidagai.
Pertsona horien "zintzotasuna zalantzan" jarri dutenak kritikatu ditu Bengoak, zalantza horiek "artifizialak" direlako. Osasun sailburuak azaldu duenez, kargudunen "irudi pertsonala kaltetu dute" eta baita Osakidetzaren "irudi instituzionala" ere.
"Ez dago irregulartasunik. Difamazioaren estrategia da, gezurraren erabilera", erantsi du Bengoak. Akusazioen atzean "borondate politiko bat" dagoela salatu du sailburuak, izan ere, ''Marguello auzia'' "estali" nahi dute, EAJren Gobernuko garaian izandako ustezko irregulartasunak.
Kronikoen ospitale berria
Bestalde, Gasteizen gaixo kronikoentzako ospitale berri bat egingo dutela baieztatu du Bengoak. "Euskadin gaixotasun kronikoen erronkari aurre egiteko Estrategiaren" barnean diren 14 puntuetako bat da ospitalearen egitasmoa.
Egungo osasun sistema eritasun akutuei aurre egiteko prest dago, baina "gaixotasun kronikoei aurre egiteko ez dago pentsatua", Bengoaren hitzetan.