Gizartea -
Lurretik 20 argi-urtera
Bizitzeko aproposa izan litekeen planeta bat atzeman dute
Planeta 'berria' Lurraren tamainakoa da eta Gliese 581 izarraren inguruan dago. Badirudi planeta bizigarrien kopurua uste zena baino handiagoa dela.
Erredakzioa
AEBetako Carnegie erakundeko astronomoek orain arte ezezaguna zen eta bizitzeko aproposa izan litekeen planeta bat atzeman dute eguzki sistematik kanpo, Lur planetatik 20 argi-urtera, Astrophysical Journal aldizkariak informatu duenez.
Planeta Gliese 581 izarrararen inguruan aurkitu dute, eta Gliese 581 g izena eman diote. Zientzialarien arabera, "eremu bizigarri" batean dago, hau da, izarretik distantzia nahikora planetaren azalean ura egoera likidoan eduki ahal izateko.
Ikerketaren arabera, planeta bizigarriak dituzten izarren kopurua espero baino handiagoa izan liteke Esne Bidean.
Gliese 581 izarrak sei planeta ditu, eta horien orbitak, seguru aski, eguzki sistemakoen antzekoak dira.
Planeta bat bizitzeko aproposa den edo ez jakiteko, zientzialariek hainbat faktore dituzte oinarri, ez tenperatura bakarrik. Besteak beste, grabitatea atmosfera bat izateko bezain indartsua den eta planetaren tokiren batean tenperatura 3 ºC baino txikiagoa den hartzen dute kontuan. Kasu honetan, planeta ''berria''ren tenperatura -31 ºC eta -12 ºC artekoa da leku hotzenetan.
Antza denez, azala oso beroa da izarra aurrez aurre duen aldean, eta oso hotza alde ''ilunean''. Gainera, grabitatea Lur planetarenaren antzekoa da.
Bizitzeko leku aproposena argiaren eta itzalaren arteko muga izango litzateke.
Lurrean ere tenperaturak oso ezberdinak dira lekuaren arabera. Antartikan, adibidez, -70 ºC artekoak daude, eta toki beroenean 112 ºC-koak.