Gizartea -
Droga trafikoa
Drogaz betetako autoetan Espainia zeharkatzen zuten abiadura handian
Frantziara droga eramateko "go fast routier" prozedura erabiltzen zuten. 240 km/h-tik gorako abiaduran joaten ziren. Guztira 12 pertsona atxilotu dituzte.
Erredakzioa
Espainiako Poliziak eta Guardia Zibilak 12 pertsona atxilotu dituzte autoak lapurtu, drogaz bete eta Afrikatik Frantziara, Espainia zeharkatuz, abiadura handian joaten ziren talde bateko kideak izatea leporatuta.
Poliziaren eta Guardia Zibilaren Zuzendaritza nagusiak jakinarazi duenez, atxiloketak Murtzian, Alacanten, Almerian eta Bartzelonan izan dira, eta 700 kilo haxix, gama altuko 8 auto eta bi kamioi atzeman dituzte.
Sareko kideek "go fast routier" prozedura erabiltzen zuten droga trafikatzeko. Estupefazienteak Europara eramateko Espainiako Estatua zeharkatzen zuten abiadura handian. Horretarako, gama altuko autoak lapurtzen zituzten, matrikula faltsuak jarri eta abiadura handian joaten ziren autopistetan.
Gaurko operazioan atxilotuetako batzuk Guardia Zibilengandik egin zuten ihes duela hilabete batzuk Albaceten, 240 km/h abiaduran.
Urte hasieran abiatu zen ikerketa, azpiegitura lanak egiten zituzten espainiarren laguntzarekin Afrika iparraldetik Frantziara haxix kantitate handiak eramaten zituztela jakin zutenean.