Gizartea -
In vitro ernalketa
Probeta haurtxoen ikertzailea saritu du Medikuntzaren Nobelak
Robert G. Edwards britainiarrari eman dio golardoa Karolinska Institutuak in vitro ernalketaren arloan burututako ikerketengatik.
Erredakzioa
Robert G. Edwards (Manchester, 1925) ikertzaile britainiarrak irabazi du 2010eko Medikuntzaren Nobel saria in vitro ernalketaren arloan burututako ikerketengatik, Karolinska Institutuak jakinarazi duenez.
Prentsaurrekoan, Institutuko bozeramaileek azaldu dute Edwardsen osasuna ez dela ona une honetan, eta hortaz, ezin izan dutela harekin zuzenean hitz egin. Dena dela, haren emazteak esan die zientzialaria "oso pozik" dagoela sariarekin.
Eledunek adierazi dute haren lanak "mugarriak" izan direla "medikuntza modernoan".
Aurtengo Nobel sarien lehen golardoak polemika ekarri du. Izan ere, garailea nor den baieztatu baino lehen, norbaitek Svenska Dagbladet egunkari suediarrari filtratu dio.
Edwardsek eta Patrick Steptoek laborategian giza obuluak ernaltzea lortu zuten 1968an. Teknika horri esker, lehen "probeta haurtxoa" jaio zen 1978ko uztailaren 25ean.
Gaur egun, sistema hori oso hedatua dago, eta milioika bikoteri seme-alabak izatea ahalbidetu die. Lau milioi pertsona baino gehiago jaio dira in vitro ernalketarekin.
Medikuntzaren Nobel sariaren irabazleak 10 milioi koroa suediar (1,1 milioi euro, 1,5 milioi dolar) eskuratuko ditu. Saria banatzeko ekitaldia abenduaren 10ean izango da, Alfred Nobel golardo horren sortzailearen heriotzaren urtemugarekin bat eginez.
Datozen egunetan emango dute gainerako Nobel saridunen berri: bihar, asteartean, Fisikaren Nobela; asteazkenean, Kimikaren Nobela; ostegunean, Literaturarena; ostiralean, Bakearena; eta hurrengo astelehenean, urriaren 11n, Ekonomiaren Nobela.