Gizartea -
Gertakaria
Bi ertzaini katanaz eraso egiten saiatzeagatik atxilotu dute Donostian
29 urteko gizona bi polizien kontra oldartu da eta gerri atzealdean zeraman objektu bat hartzen saiatu da, 29 zentimetroko xafla zuen katana bat hain zuzen ere.
Erredakzioa
Gizonezko bat atxilotu dute gaur goizaldean Donostian katana batez bi ertzaini eraso egiten saiatzeagatik. Bi agenteak atxilotuaren etxebizitzara joan dira bi aldiz auzokideen kexen ondorioz, Eusko Jaurlaritzako Herrizaingo Sailak jakinarazi duenez.
Atzo gaueko 22:20 aldera, Ertzaintzaren patruila bat Donostiako Herrera Pasealekuko etxebizitza batera joan zen, auzokide bat gainontzekoak molestatzen ari zelakoan. Bertara heltzean, jabeek ertzainei esan zieten beheko solairuko auzokidea beren aurkako herio-mehatxuka eta irainka ari zela, eta beren etxeko atea indarrez kolpatu zuela. Agenteak susmagarriaren etxebizitzara jaitsi ziren, eta horrek esan zien ez zela berriro ezer gertatuko.
Hala ere, gaurko 04:15 aldera, beste abisu bat jaso dute eraikin beretik, auzokide berak musika oso bolumen altuan zuelako. Ertzain berak joan dira susmagarriaren etxebizitzara; oso aztoratuta zegoen eta musika ez zuela jaitsiko esan die oihuka.
Jarrera hori ikusita, agenteek jakinarazi diote dilijentziak hasiko zituztela gertaerengatik. Pixka bat geroago, susmagarria ertzainen kontra oldartu da eta agenteak menderatzen saiatu da; momentu horretan, erasotzailea gerriaren atzealdean zeraman objektu baten kirtena heltzen saiatu da, baina ertzainetako batek besoa geldiarazi eta 29 zentimetroko xafla zuen katana bat kendu dio.