Gizartea -
DEKRETU BERRIA
Jaurlaritzaren dekretuak zahar etxeetako langileen ratioa handitzea du xede
EAEko zahar etxeak arautuko dituen dekretu berria aurkeztu du astelehen honetan Eusko Jaurlaritzak Legebiltzarrean.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Beatriz Artolazabal Eusko Jaurlaritzako Enplegu eta Gizarte Politiketako sailburuak gaur jakinarazi duenez, zahar etxeei buruzko dekretu berriak langileen ratioak handitzea aurreikusten du. Hala, gaur egungo araudiarekin alderatuta, % 44,6 langile gehiago egongo lirateke 0 eta 1eko menpekotasuna dutenentzat eta % 23,08 gehiago, berriz, 2 eta 3koa dutenentzat.
EAEko zahar etxeak arautuko dituen dekretu berriari buruzko azalpenak eman ditu astelehen honetan Beatriz Artolazabalek Eusko Legebiltzarreko Enplegu, Gizarte Politika eta Gazteriaren batzordearen aurrean, Nerea Kortajarena EH Bilduko legebiltzarkideak hala eskatuta.
Sailburuaren hitzetan, prestatzen ari diren dekretuaren berritasunak "forma eta mamia" kontuan hartuta egin dira, eta arreta indibidualizatuaren filosofiara egokitzen da, "erdigunean pertsona jarrita".
Arlo profesionalari dagokionez, dekretu berriak zuzeneko arreta eskaintzen duten langileen ratioak handitzea aurreikusten du. Egiturari erreparatuta, berriz, lau logelatik hiru banakakoak izatea (orain arte lautik bat ziren) eta logelak 10 metro koadrokoak izatetik 13 metro koadrokoak izatera pasatzea proposatzen du zirriborroak.
Dekretu proiektuak kategoria profesionalak eta ratioak zehazten ditu. Zehatz-mehatz esanda, 0 eta 1 mailako menpekotasuna dutenak artatzeko orain baino % 44,6 langile gehiago egotea proposatzen du, eta 2-3ko menpekotasuna dutenen kasuan, berriz, % 23,08ko igoera.
Artolazabalen esanetan, EAEko hiru foru diputazioekin eta Eudelekin lankidetzan osatu du dekretuaren proiektua Eusko Jaurlaritzak.