Gizartea -
Britainia Handia
Haurrak leherrarazten dituzten iragarki ekologista bat kendu dute
Talde ekologista batek egindako kanpaina horretan biolentzia gehiegi agertzen dela uste dute. Iragarkietako batean jende ezagunak parte hartu du, Peter Crouch Tottenhameko jokalariak, besteak beste.
Erredakzioa
Talde ekologista baten azken publizitate kanpainak polemika handia piztu du Britainia Handian. Ekologismoaren aldeko jarrera sendoa agertzen ez duten pertsonak leherrarazi egiten dituzte iragarkietan. Irudiak oso esplizituak dira eta ekologistak ez diren horien odol txorrotak eta erraiak ikus daitezke. Hori dela eta, biolentzia gehiegi duela iritzita, kanpaina bertan behera utzi dute.
Agintariak gehien asaldatu dituena iragarkietako bat izan da. Bertan, ikasle adingabe batzuk irakaslearen azalpenak entzuten ageri dira. Eskolak amaitutakoan, irakasleak botoi bat sakatzen du eta "nahikoa ekologista" ez diren haurrek eztanda egiten dute ikasgela erdian.
Kanpainako beste iragarki batean (bideoaren amaieran ikus daiteke) jende ezagunak parte hartzen du, Ingalaterrako Premier Leagueko Tottenham Hostpur taldeko jokalariek, besteak beste. Peter Crouch aurrelaria, Ingalaterrako futbol selekzioko jokalaria, da horietako bat.