Gizartea -
OSASUNA
Erizainek hainbat botika preskribatu ahal izango dituzte
Akordioa lortu zuten, atzo, Erizain Lanbidearen Mahaiak eta Sendagile Lanbidearen Foroak, Madrilen.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Aurrerantzean erizainek botika jakin batzuek preskribatu ahal izango dituzte, sendagileen aurretiko baimenik gabe. Hala adostu zuten, atzo, Erizaintzaren Estatuko Mahaiak eta Medikuntzaren Foroak. Dolors Montserrat Espainiako Gobernuko ministroak ere hartu zuen parte bilera horretan, Madrilen.
Duela bi urte onartutako errege-dekretu baten arabera, erizainek ezin zituzten euren kabuz hainbat botika errezetatu. Horretarako, sendagile batek izenpetutako agindua behar zuten, nahiz eta egunerokoan erabiltzen zituzten botikak izan.
Atzo izenpetutakoaren arabera, moldatu egingo da errege-dekretua, eta behin Estatuko Buletin Ofizialean aldaketa publikatzen denean, orain arte sendagileek bakarrik errezetatu ahal zituzten hainbat botika, erizainek ere preskribatu ahal izango dituzte, horretarako ezarritako protokoloak beteta.
Jarraipen batzorde bat eratuko dute, orain, Osasun Ministerioak, erkidegoetako osasun sailek eta sendagileen eta erizainen elkarte ezberdinek, besteak beste. Arau berriak jasotzen dituen baldintzak betetzen direla ziurtatzea, eta, behar izanez gero, protokolo berriak ezartzea izango da batzorde horren lana.
Botiken errezetak egin ahal izateko, erizainek ez dute aparteko formaziorik beharko, Erizaintza Graduak badituelako horrekin lotutako ikasketak jasota.