Gizartea -

ERAIKINA EGOERA TXARREAN

10 familiak etxea utzi beharko dute Gasteizen, erortzeko arriskuagatik

Santo Domingo kaleko 40 eta 42 zenbakietako bizilagunek astelehenera arte dute etxea uzteko, erortzeko arriskuan daudela ebatzi baitu Udalak. 12.000 euro behar dira konponketarako.

Santo Domingo kaleko 40 eta 42. zenbakiak. Argazkia: google maps
Santo Domingo kaleko 40 eta 42. zenbakiak. Argazkia: google maps
Santo Domingo kaleko 40 eta 42. zenbakiak. Argazkia: google maps

AGENTZIAK | EITB.EUS

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Gasteizeko Udalak jakitera eman duenez, irtenbidea aurkituko die astelehenerako etxea utzi behar duten 10 familiei, Santo Domingo kaleko bi eraikinek erortzeko arriskua dutela ikusi eta ustea agindu ondoren.

"Inor ez da kalean geratuko eta epea amaitzean guztiek izango dute alternatibaren bat" esa dute Udaletik. Horretarako, asteburuan zehar familiekin bilduko dira, egoera kasuz kasu aztertzeko.

Iragan ostegunean Udaleko hirigintza sailak 72 orduko epea eman zien Alde Zaharrean dagoen Santo Domingo kaleko 40 eta 42. zenbakietan bizi diren bizilagunei euren etxeak uzteko, dauden egoera txarra dela eta, edozein momentutan erori egin daitezkeelako.

Iturri horiek jakitera eman dutenez, apirilean bi eraikinen egitura ez zegoela ondo eta hori sendotzeko lanak egin behar zirela esan zieten bi komunitateetako bizilagunei eta debekatu egin zitzaien hainbat solairu erabiltzea. Ostegunean, eraikinak ikustera joan zen udaletxeko arkitektoa eta lanak ez direla egin eta estrukturak okerrera egin duela ikusi zuen. Hala, eraikinak behera eror zitezkeela zioen txostena egin zuen eta gehienez 72 ordutan etxeak husteko gomendioa eman zuen.

Itziar Gonzalo hirigintza zinegotziak oharra kaleratu zuen ostegunean bertan, jabeek ez dutela "eraikina egoki mantentzeko betebeharra" aintzat hartu eta bi komunitateei hilabeteko epea eman zien kaltetutako egituren konponketa proiektua aurkezteko eta obrak egiteko.

12.000 euroko balioa dute egin beharreko konponketek arkitektoak egindako txostenaren arabera, eta komunitateek beren gain hartuko ez balute, ondorengoa egin dezake Udalak: Berak ordaindu konponketa, eta ondoren, jabe bakoitzari %10 kobratu (1.200 euro) isun koerzitibo gisa, hilero ordainketa minimo bat ezarriz.

Oposizioaren kritikak

Oposiziotik, Podemoseko udal taldeak salatu du hilabeteak daramatzala etxe horien egoeraren inguruan ohartarazten eta interbentzio orokorra egiteko eskatu dio Udalari. Bizilagunekin koordinazio falta izatea ere leporatu dio. Ildo honetan, Kaleratzeak Stop Desahucios taldeak Udalaren "sentsibilitate eza" salatu du, familia horiek "baliabiderik ez" dutela kontuan hartu ez duelako.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Kaleratzeak Gizartea Gasteiz berriak Albisteak