Gizartea -
Kaleko artea
Banksyren graffiti bat Donostian
Donostiako Udalak ez du ezabatuko Alde Zaharrean agertu den graffiti bat, Banksy kale-artista ospetsuarena izan litekeela uste dutelako.
Erredakzioa
Donostiako Udalak Alde Zaharrean agertu den graffiti ez ezabatzea erabaki du, tankera horretako marrazkiak kentzeko politikan salbuespena eginda, egilea Banksy kale-artista ospetsu eta misteriotsua izan litekeelako.
Irailaren 25ean, Donostiako Zinemaldian Exit through the gift shop Banksyren filma eskaini zutela eta, koadro batera begira dagoen gizonezko baten graffiti zuri-beltza agertu zen Alde Zaharrean. Banksyrena izan liteke.
Graffitiak ez du korapiloa askatzen laguntzen, ez baitu beste informaziorik. Banksyren graffitien ezaugarriak ditu, baina ez dago sinatuta eta egileak ez du aldarrikatu. Filmearen ekoiztetxeak ere ez du argitu artista Donostian izan zen.
Beste aukera bat ere badago: Banksyren jarraitzaile batek egin izana. Hori da, hain zuzen ere, Denis Itxaso Kultura zinegotziak uste duena.
Itxasok eman zuen graffitia ez ezabatzeko lehen urratsa, Alberto Rodriguez Hiri Zerbitzuetako zinegotziari eskari hori berak egin baitzion.
Denis Itsasoren ustez, graffitiak eta hiriaren ondasunak "bateragarriak" dira, baina betiere muga batzuekin.
Kasu honetan, beste zalantza bat piztu zaie, hots, graffitiaren gainean beste pertsona batzuek egindako pintadak (horietako batzuk lizunak dira) ezabatu edo ez ezabatu.
Erabakiak erabaki, Donostiako Udalak eztabaida piztu du, herrikoek egindako graffitiek ere tratu bera merezi ez duten galdetu baitute batzuek.