Gizartea -
Asteazkenean atxilotu zuten
Aske utzi dute Urbiolako desagerpenagatik atxilotutako emakumea
Maria Angeles Germanen desagerpenarekin ustez lotura izateagatik atxilotutako gizonari, berriz, kartzela epea luzatzea erabaki du epaileak.
Erredakzioa
Lizarrako Instrukzioko 2. zenbakiko Epaitegiko arduradunak aske utzi du Maria Angeles German Urbiolako auzotarraren desagerpenagatik atxilotutako emakumea, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiak jakinarazi duenez.
Asteazkenean atxilotu zuen Foruzaingoak gaur libre utzitako emakumea, ustez Maria Angeles German 44 urteko emakumearen desagerpenarekin lotura zuelako. Senarrarekin batera atxilotu zuten.
Atzo Foruzaingoak bi putzu miatzera eraman zuen atxilotutako emakumea Villamayor de Monjardinera; bestalde, senar-emazteen etxea miatu zuten Barbarinen.
Era berean, Maria Angeles Germanen desagerpenarekin ustez lotura izateagatik atxilotutako gizonari kartzela epea luzatzea erabaki du epaileak, eta igandera arte jarraituko du kartzelan. Auziak sekretupean jarraitzen du.
Gizonak Iruñeko Foruzaingoan jarraituko du atxilotuta, eta igandean Lizarrara bueltatuko da, epailearen aurrean deklaratzera. Epaileak aske uztea edo prebentziozko neurriak hartzea erabaki dezake.