Gizartea -
Bakearen Nobel Saria
Xiaobo aske uztea eskatu dute, baina mehatxuekin erantzun du Txinak
Nobel Batzordearen erabakia "iraingarria" dela esan du Txinak. Preso politikoa ahalik eta azkarren aske uzteko eskatu du Barack Obama AEBetako presidenteak.
Erredakzioa
Bakearen Nobel Saria Liu Xiaobo preso politiko txinatarrari eman diote gaur, eta horrek aske uzteko eskakizunak areagotu ditu, baina Beijingek mehatxuekin erantzun du eta Nobel Batzordearen erabakia "iraingarria" dela esan du.
Norvegiarekin eta Nobel Sariaren Batzordearekin dituzten harremanetan ondorioak izango direla ohartarazi du Ma Zhaoxu Txinako Atzerri bozeramaileak, komunikatu baten bidez Ministerioko webgunean.
Jonas Gahr Støre Norvegiako Atzerri ministroak Txinaren mehatxuei erantzun die eta "Norvegiako Gobernuaren eta batzorde independentearen artean muga argi bat" dagoela adierazi du. "Gure gizarteak horrela funtzionatzen duela ulertu behar dute", erantsi du.
Liu Xia olerkaria, Xiaoboren emaztea, bere etxean giltzapetuta dute, baina handik presiona dezaten eskatu die nazioarteko buruzagiei, senarraren askatasuna lortzeko. Xiaobo 11 urteko espetxe-zigorra betetzen ari da.
Nazioartearen erreakzioa
Beijingen erreakzioaren eta nazioarteko gobernu, erakunde eta giza eskubideen defentsarako elkarte askok izandakoaren artean alde handia dago. Izan ere, nazioarteak pozik hartu du Txinako disidenteari emandako saria.
Jose Manuel Durao Barroso Europako Batzordeko presidenteak Liu Xiaobo zoriondu du eta saria preso politikoari ematea "munduan giza eskubideen eta askatasunaren alde borrokan ari diren guztientzat babes mezu indartsu bat" dela gaineratu du.
Europar Batasunarekin bat egin du Espainiako Gobernuak eta saritua zoriondu du. Zentzu horretan, iragan urtean saritutako gizonak, Barack Obamak, Liu ahalik eta azkarren aske uztea eskatu dio Txinari. "Milioika lagunek pobreziatik" ateratzeko lagundu zuen bezala, giza eskubideen hedapenean lagun dezala eskatu dio Txinako Gobernuari Obamak.
Dalai Lama eta Taiwan ere Liu Xiaoboren Nobel sariarekin pozik agertu dira.