Gizartea -

Tragedia

Fidantza gabeko espetxeratzea, Zarautzen hildako neskaren aitarentzat

Deklarazioa sei orduz luzatu da. Alabaren homizidioa leporatzen diote gizonari, baina ikerketak irekita jarraitzen du oraindik.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Azpeitiko Instrukzioko 1. Epaitegiak fidantzarik gabeko behin-behineko kartzela-zigorra ezarri dio Zarautzen hilda agertu zen 18 hilabeteko neskaren aitari, Epaitegitik EFE albiste agentziari jakinarazi diotenez. Umearen gorpua ostegunean agertu zen, Zarautzen.

Ertzaintzak alaba hil izana leporatu dio 41 urteko gizon marokoarrari. Bostak aldera atera dute Azpeitiko Epaitegitik, eskuburdinak jarrita eta poliziek babestua, sei orduz epailearen aurrean egon ostean.

Espetxeratzea agintzeaz gain, epaileak sekretupean jarri du sumarioa, eta oraindik ez du ikerketa ixteko agindurik eman.

Ertzaintzako egoitzatik Azpeitiko Epaitegira eraman dute joan den ostegunetik atxilotua egon den ustezko hiltzailea. 11:15 aldera heldu da, aurpegia eskuez estalita, eta gauza bera egin du arratsaldean Epaitegitik irten den unean.

Lau egun igaro dira haurtxoa Zarauzko malekoi parean itota agertu zela eta oraindik zalantza asko daude argitzeke. Autopsiaren arabera, haurra itota hil zen eta ez zuen indarkeria zantzurik. Hala eta guztiz ere, ez dago argi haurra nola iritsi zen txabolatik hondartzaraino. Ertzaintzak ez du gertakariaren lekukorik, baina herritar batzuk aitortu dute aita-alabak ikusi zituztela malekoi inguruan ordu batzuk lehenago.

Homizidioagatik auziperatu dute gizona, arduragabekeriagatik ala nahita egindako homizidioa leporatuta. Homizidioa nahita egin zuela da hipotesi nagusia, izan ere, Ertzaintzak oso zail ikusten du haurtxoa txabolatik itsasoraino bakarrik joatea, Radio Euskadik zabaldu duenez.

Hatz-marken analisiak eta froga batzuk argituko dute auzia datozen egunetan.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea