Gizartea -
Amaiurren
Hiru frantziar hil dira hegazkin txiki batek lurra jota, Baztanen
Hegazkina ongitzazko helburuak zituen rally batean parte hartzen ari zen. Marsellatik abiatu eta Donostian eskala egiteko asmoa zuen. Ezbeharra 12:44 inguruan gertatu da Tarteko tiro zelaitik gertu.
Erredakzioa
Frantziako hiru herritar hil dira hegazkin txiki batek Baztanen, Amaiurren (Nafarroa), lurra jo duenean, Nafarroako Gobernuak jakitera eman dutenez.
Ezbeharra 12:44 inguruan gertatu da Tarteko tiro zelaitik gertu. David Sainz Nafarroako Larrialdi Agentziaren zuzendariak azaldu duenez, "oso lan zaila" egiten ari dira hegazkina baso inguru malkartsu batean erori delako.
Hegazkina pribatua omen da, Frantziako matrikuladuna, eta Marsellatik abiatu ondoren Donostian eskala egiteko asmoa zuen, Salamancara iritsi aurretik. Afrikan eskolak eraikitzeko driua biltzeko rally batean parte hartzen ari omen zen.
Istripua eguraldi txarrak, haize gogorrak bereziki, eragin duela diote aipatu iturriek.
Oronozko Suhiltzaleak, anbulantziak, Foruzaingoa, helikoptero medikalizatu bat eta Elizondoko mediku talde bat bertaratu dira eta ezbeharraren nondik norakoak ikertzeko ardura Guardia Zibilaren eta Foruzaingoaren esku geratu da.
Lehenengo datuen arabera, ehiztari bat izan da hegazkinaren arrastoak ikusi eta larrialdi zerbitzuei abisua eman diena.