Gizartea -
45 eta 49 urte bitartekoak
Emakumeei 3.000 mamografia baino gehiago egingo dizkie Osakidetzak
86.771 gutun bidaliko dizkiete 45 eta 49 urte bitarteko euskal emakumeei, familian bularreko minbizi kasurik izan duten ezagutzeko.
Erredakzioa
3.000 mamografia baino gehiago egingo dizkie emakumeei Osakidetzak, bularreko minbiziaren detekzio goiztiarra ahalbidetzeko. 200 bat kasu aurkituko dituztela aurrikusi du Osasun Sailak.
Eusko Legebiltzarreko batzordean agerraldia egin du gaur Rafael Bengoa Osasun sailburuak, programa horri buruz mintzatzeko. Iragan ostiralean, Gasteizko Ganberan iragarri bezala, 45 eta 49 urte bitarteko euskal emakumeei 86.771 gutun bidaliz hasiko da programa.
Helburua familian bularreko minbiziaren aurrekariak dituzten emakumeak bilatzea izango da, eta arriskua duten kasuetan mamografiak egin edo beste diagnostiko metodo bat erabili.
Familian bularreko minbizi kasurik izan duten galdetuko zaie galdetegi batean, eta arriskua duten historiak aurkitzen dituztenean Osakidetzak mamografiak edo diagnostikoa egiteko probarik aproposenak egingo dizkiete emakumeei.
Aurrejoera genetikoa duten emakumeek bularreko minbizia izateko aukera gehiago dituztela errepikatu du Bengoak, eta horietatik % 80k eritasuna sofritzeko arriskua dutela erantsi du. Horregatik, kasu horiek goiz harrapatzea berebizikoa dela azaldu du sailburuak.