Gizartea -
NEGUKO BIDEZAINTZA PLANA
Mapa termiko batek izotz plaken berri emango du Gipuzkoan
Foru Aldundiak aurkeztutako aplikazio batek izotz arriskuaz ohartaraziko du.
Ixone Arana | EiTB.eus
Gipuzkoako Foru Aldundiak Neguko Bidezaintza Plana aurkeztu du. 2017ko azaroaren 15ean aktibatu eta 2018ko apirilaren 15era arte egongo da indarrean, 2,5 milioi euroko aurrekontua du, eta 80 kamioi, 12 ibilgailu arin eta 8.100 tona gatz erabiliko ditu.
Horiez gain, Eusko Jaurlaritzak garabiak izango ditu erabilgarri N-1 eta A-15 errepideetan ibilgailu astunen batek errepidea oztopatu edo arazoren bat izanez gero trabatik kentzeko. Giza baliabideak elur-kotaren araberakoak izango dira; adibidez, itsas mailara iristen bada, 180 pertsona inguru aktibatuko dira.
Bestalde, Gipuzkoako Foru Aldundia bere sareko errepide nagusien mapa termikoa egiten ari da, eta 2018-2019 kanpainarako prest izatea espero dute. Aplikazio horrek izotz plakak agertzeko arriskuaz ohartaraziko du, erabaki egokienak hartzeko denborarekin. Gainera, ibilbideko leku hotzenak atzemango ditu, eta aurreikuspenetan hobekuntza nabarmenak eragingo dituzten sentsoreak jartzeko aukera emango du.
Aintzane Oiarbide Bide Azpiegituretako diputatuak azpimarratu du Gipuzkoak eskura dituen bitarteko guztiak erabiliko dituela erabiltzaileei "ahalik eta segurtasun eta erosotasun handiena bermatzeko" eta errepideak hondatzea "saihestu edo minimizatzeko". “Plan honen helburua da Gipuzkoako errepide sarea erabiltzeko baldintza egokietan mantentzea, izotzik eta elurrik gabe. Hala ere, baldintza meteorologikoak oso txarrak direnean, ahal izanez gero, ez da autoa hartu behar, eta nahitaez hartu behar izanez gero, ibilgailua ahalik eta egoera onenean dagoela egiaztatu behar da", erantsi du Oiarbidek, arriskuak saiheste aldera.
Neguko Bidezaintza Plana Bide Azpiegituretako Departamentuak koordinatzen du, eta hainbat erakunderekin lankidetzan jardungo da: Bidegi, Gipuzkoako suhiltzaileak, Eusko Jaurlaritza, Ertzaintza, Nafarroako Gobernua eta Araba eta Bizkaiko aldundiak.