Gizartea -
'Goldfinger' auzia
Sean Conneryk osasun arazoak argudiatu ditu Marbellan ez deklaratzeko
Aktoreak eta bere emazteak ustelkeria auzi baten baitan deklaratu behar zuten, inputatu gisa.
Erredakzioa
Sean Connery aktore eskoziarrak eta bere emazteak osasun eta adin arazoak argudiatu dituzte gaur Marbellako epaitegi batean zuten zitara joatea saihesteko, iturri judizialek jakinarazi dutenez. Biak auzipetuta daude ustelkeria kasu batean, eta gaur deklaratu behar zuten.
Dena dela, aipatu iturrien arabera, aktoreak fax bat igorri dio aste honetan Marbellako instrukzioko lehen epaitegiari, eta horretan ziurtatu dio Justiziaren esanetara dagoela.
Dozenaka kazetari aktorearen zain zeuden epaitegiaren atarian, baina azkenean esku hutsik joan dira.
Orain, baliteke epaileak erregu-gutun bat igortzea, izapideekin jarraitzeko.
Connery senar-emazteak eta beste 20 pertsona "Goldfinger" auzian inputatuta daude, besteak beste dirua zuritzea egotzita, aktoreak Marbellan zuen txalet baten lursailaren birkalifikazioaren harira.