Gizartea -
Eusko Jaurlaritza
Ostalaritzan gertatzen diren toxikazioak gutxitzeko egitasmoa, abian
Neurriak 10.000 negozioari eragingo die eta Administrazioak "ezarritako autokontrol neurrien gaineko ikuskaritza lana egingo du".
Erredakzioa
Euskal Autonomia Erkidegoko jatetxe eta ostatuetan autokontrol egitasmoa jarriko du indarrean Osasun Sailak datorren urtean, elikagai toxikazioak gutxitze aldera.
Tamaina handiko jatetxeetan urteak badira horrelako sistemak erabiltzen dituztela, eta emaitza oso onak izan omen dituzte. Orain, Europako legediak behartuta, jatetxe txikietara ere zabaldu behar dute lan egiteko modu hori.
Elikagai toxikazioei buruz ezagutzen diren datuak izebergaren punta besterik ez direla onartu du Rafael Bengoa Osasun sailburuak, kasu askotan medikutara edo erietxera joan gabe pasatzen baitira.
Argi dago, nolanahi, azken urteetan behera egin dutela etxetik kanpo janda sortutako elikagai infekzioek. Talde handiei eragin dietenak, esaterako, 20-30 bat kasu izaten dira urtean Euskal Autonomia Erkidegoan, nahi baino gehiago oraindik.
Gaur aurkeztutako autokontrol planak esan nahi du jatetxe edo ostatu bakoitzak izan behar duela indarrean generoaren egoera eta kalitatea neurtzeko modua eta ardura.
Hala, administrazioa, inspektore izatetik, kontrol sistema horren auditore izatera pasako da.