Itxi

Gizartea

Sanferminak 2016

Akusatuetako batek onartu du biktimak ez zuela hitzez baimenik eman

Agentziak

Akusatuen deklarazioak kontraesankorrak izan dira eurek grabatutako bideoan ikus daitekeenarekin.

1:32

Iazko sanferminetan izandako taldekako bortxaketaren epaiketaren zortzigarren saioan, bost akusatuen txanda izan zen atzo, asteazkenean, eta epailearen aurretik igarotzen lehenak onartu zuen biktimak ez zuela hitzez onespenik eman. Akusatuek esan zuten biktimaren baimena izan zutela, baina ez zuten argitu nola eman zioten.

Gizonek errugabe jo zituzten euren buruak, eta esan zuten biktimak onartu egin zuela sexu harremanak izatea eta aktiboki parte hartu zuela. Deklarazio horiek, baina, kontraesankorrak dira akusatuek eurek grabatutako bideoekin. Izan ere, horietan ikus daiteke biktima shock egoeran dagoela, "begiak itxita eta jarrera pasiboarekin", adituek epaiketan deklaratu zutenez.

Instrukzio-epailearen ikerketa eta polizien deklarazioekin ere kontraesankorrak izan dira haien deklarazioak.

"Gezurti hutsak dira", esan zuen biktimaren abokatuak, Carlos Bacaicoak, arratsaldeko saioa hasi baino lehen.

Horren esanetan, bideoek gezurtatu egiten dituzte akusatuen deklarazioak: "Deklaratutakoak ez du zerikusirik bideoetan ikus daitekeenarekin".

Bestalde, hiru akusaturen abokatuak, Agustin Martinez Becerrak, esan zuen "hainbat modu" daudela baimena emateko, ahozkoa ez izanda ere.

Bere hitzetan, akusatuek "tentsioa" dute, 25 urteko espetxe zigorra jokoan dutelako.

Akusatuak epaiketa egiten ari diren aretoan egon dira saio guztietan, biktimak deklaratu zuenean izan ezik. Beste areto batetik entzun zuten emakumearen testigantza, bideokonferentziaz.

Atzokoa epaiketaren zortzigarren saioa izan zen. Aurretik, biktimak, udaltzainek, foruzainek, auzi medikuek eta lekukoek deklaratu zuten.

Oraindik ez dago argi noiz bukatuko den epaiketa, ondorioak aurkezteko datak erabaki gabe baitaude. Hasiera batean, ostiralean (azaroak 24) eta astelehenean (27) egin behar zituzten, baina defentsak astelehenean eta asteartean egitea eskatu du. Bi saio horiek ateak irekita egingo dituzte.

Bestalde, biktimari mugikorra "zikoizkeriagatik" lapurtu ziola aitortu zuen guardia zibil auzipetuak. "Hanka-sartzea" izan zela onartu zuen, salatzailearen abokatuen hitzetan. Iruñeko zezen-plazan identifikatu ostean eta beste lau akusatuekin batera atxilotu baino lehen bota zuen.

"Grabatu eta ondoren ezabatzea ohitura" duela argudiatu zuen inputatuak, Bacaicoak jakitera eman zuenez.

Epaileak ordu erdiz eten behar izan du saioa aretoan kanpoko oihuak entzuten zirelako

Epaileak epaiketa ordu erdiz eten behar izan zuen, Nafarroako Justizia Jauregiaren atarian bildu direnen oihuak entzuten zirelako aretoan.

Lunes Lilas eta Andrea elkarteek eguerdirako Iruñeko Justizia Jauregiaren aurrean deitu zuten elkarretaratzean 500 bat lagun elkartu ziren "Ez, ezetz da", "Justizia" lelopean. Halaber, "Epaiketa inputatuei, ez biktimei", eta "sexu indarkeria indarkeria matxista da" zioten pankartak erakutsi zituzten.

Amaieran, Eloisa Urrutikoetxea, Lorea Irisarri eta Nekane Merino Lunes Lilas elkarteko kideek komunikatu bat irakurri dute eta, besteak beste, biktimari egindako espioitza frogatzat onartu izana kritikatu zuten. Hori ez ezik, "biktimaren bertsioa zalantzan jartzen duen sistema judiziala" eta erasoaren ostean biktimak izandako bizimodua epaitzea salatu zuten.

Bi detektiberen eta udaltzain baten txanda

Bost akusatuekin zegoenean biktimarekin hitz egin zuen gazte batek, emakumeari deklarazioa hartu zion udaltzainak eta txosten bat egin zuten bi detektibek ostegun honetako saioan hartuko dute hitza, epaiketan.

Akusatuen Sevillako lau lagunen eta emakumea artatu zuen ginekologoaren deklarazioak atzera bota dituzte defentsek. Are gehiago, azkenaren ekarpena "beharrezkoa ez" dela uste dute.

 

 

_________________________

Tratu txarrak pairatzen badituzu edo kasuren bat ezagutzen baduzu, kontuan hartu gida honetako aholkuak edota deitu telefono hauetako batera: 900 840 111 (Euskadin) edo 016 (Estatu osoan); doakoak dira eta ez dute arrastorik uzten fakturan.

uzten fakturan.

  • Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena