Gizartea -
Ikerketa, abian
Bi ume eta emakume bat hilda topatu dituzte Tarragonako etxe batean
Emakumea eta bi umeak sastakaiz hil zituzten, autopsiak baieztatu duenez. Senarra ez dakite non dagoen eta emakumearengandik urruntzeko agindua zuen bere gain, nahiz eta emakumeak hura kentzea eskatu.
Erredakzioa
Bost eta bi urteko bi ume eta 26 urteko emakumezko bat hilda topatu dituzte Tarragonako (Katalunia) etxebizitza batean, Esquadra Mossoek baieztatu dutenez. Orain emakumearen senarra ari dira bilatzen, izan ere, emakumeak kentzea eskatu bazuen ere, urruntze agindua zuen bere gain.
Emakumea eta bi umeak sastakaiz hil zituzten, autopsiak baieztatu duenez. Gorpuak aski ustelduta aurkitu dituzte bainuontzi batean, igeltsuz eta porlanez estalirik. Horrela, zenbait egunetan gorpuen usaina gordetzea lortu zuen hiltzaileak.
Bien bitartean, senarra ez dakite non dagoen. Emakumearengandik urruntzeko agindua zuen bere gain, baina emazteak neurri hori bertan behera uzteko eskatu zion epaile bati, eta hark ukatu egin zion eskaria.
Josep Felix Ballesteros Tarragonako alkateak kazetariei baieztatu dienez, 2009tik urruntze agindua zegoen ustezko erasotzailearen kontra tratu txarrengatik, "tratamendu psikiatrikoa" jasotzen ari zen eta langabezian zegoen.
Udaletxearen aurrean minutu bateko isilunea egin ondoren Xavier Sabate Generalitatek Camp de Tarragonan duen ordezkariak jakitera eman duenez, administrazioaren alerta guztiak piztuta zeuden kasuagatik eta "oso gertutik" jarraitzen zuen Esquadra Mossoen biktimen arretarako taldeak.
Talde horretako kideak emakumearekin jartzen ziren harremanetan etengabe kasuaren jarraipena egiteko, baina batzuetan ez zuten lortzen. Hala ere, "errealitateak edozein prebentzio gaindi dezakeela" aitortu du. "Zoritxarrez, ezin izan ditugu heriotza horiek galarazi", gaitzetsi du.
Sabatek gaineratu du ahal duten guztia egiten ari direla krimenaren susmagarri nagusia atxilotzeko, baina Marokora joan dela uste dute, bertakoa da eta.
Auzokideek suhiltzaileak eta mossoak ohartarazi zituzten atzo arratsaldean, etxebizitzan kiratsa baitzegoen eta horrela jakin dute heriotzaren berri