Gizartea -
Erresuma Batua
229 euro emango dizkiete antzutzen diren drogazaleei
Gobernuz kanpoko erakunde baten ekimena, gutxienez, Leicesterreko toxikomano batek onartu du. Hainbat elkarteren ustez, eskaintzak kalte egiten diete "oso sentiberak diren pertsonei".
Erredakzioa
Project Prevention gobernuz kanpoko erakunde estatubatuarrak 200 libra (229 euro) eskaini dizkie antzutzea erabakitzen duten drogazaleei eta alkoholikoei. BBC kate publikoaren erreportaje batean esan dutenez, Leicester (Ingalaterra) herriko drogazale batek gutxienez onartu egin du proposamena. Toxikomano horren esanetan, "sekula" ez luke aita izan behar.
Barbara Harris Project Prevention erakundearen sortzaileak "eroskeria" dela onartu du, baina arazo fisiko eta mental larriak izango dituzten haurrak sortzea ekiditeko bide bakarra dela azaldu du.
Harrisek crack izenaz ezagutzen den droga kontsumitzen zuen emakume baten hiru seme-alabak adoptatu ostean sortu zuen gobernuz kanpoko erakundea, Ipar Carolinan (AEB). Ekimenak adingabeek pairatzen dituzten arazoak ekiditen dituela esan du.
BBCk eman duen informazioaren arabera, 12 urte zituenetik drogekin arazoak dituen 38 urteko toxikomano batek onartu egin du proposamena; izan ere, bere ustez, "sekula" ez luke aita izan behar.
Hainbat erakundek kritikatu egin dute ekimena. Drogazaleei laguntzen dieten Addaction elkartearen presidentearen aburuz, adibidez, Project Preventionen eskaintzak "kalte egiten diete oso sentiberak diren pertsonei".
Bestalde, Medikuen Elkarte Britainiarrak (BMA) azpimarratu duenez, ebakuntza horiek egingo dituzten medikuek baieztatu egin beharko dute "pazientea halako erabaki bat hartzeko gai dela".