Gizartea -

HERIOTZA

Luis Iriondo Etxaniz aktore eta musikagilea hil da

ETBko zuzendari izan zen, eta Voz de España egunkarian eta Loiolako Herri Irratian kolaboratu zuen. Kontrapuntoak musika taldea osatu zuen lagun batzuekin eta diska ugari grabatu zituzten.

Luis Iriondo aktore eta musikagilea hil da, 86 urte zituela

1:21

EITB.EUS

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Luis Iriondo Etxaniz, aktore eta musikagile azkoitiarra hil zen atzo, larunbata, 86 urterekin.

Iriondok administrari ikasketak burutu zituen eta Bizkaiko Kutxan eta AFORASA enpresan lan egin zuen. La Voz de España egunkarian eta Loiolako Herri Irratian kolaboratu zuen eta ETBko zuzendari izan zen 1982tik 1984ra. Eusko Jaurlaritzako Harreman Publikoetarako arduradun lanetan ere aritu zen.

Txikitatik gustatu zitzaizkion komunikazioa eta ikuskizunen mundua eta gaztetan, Kontrapunto musika taldea osatu zuen. Donostiako Victoria Eugenian eman zuten lehen kontzertua, eta geroago, konposatzaile lanetan ere aritu zen Mocedades, Manolo Escobar, Sara Montiel eta Concha Velascorentzat, besteak beste.

Hamaika film egin zituen aktore gisa: Companys, procés a Catalunya (1979), Ikuska-3 (1979), El pico (1983), La monja alférez (1987) eta Terranova (1990) horien artean.

Hainbat libururen ekoizle ere izan zen eta bidaia liburuak ere idatzi zituen.

2013an Pedro Mari Goikoetxeak aurkezten zuen 6 argazkitan saioan atera zen bere ibilbide profesional eta familiari buruz hizketan, eta bere bizitzako argazki kuttunak ere erakutsi zituen pantaila aurrean.

Luis Iriondoren hileta-elizkizuna astelehen honetan izan da, 19:00etan Azkoitiko Ama Birjinaren Jasokundea parrokian.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Aktoreak bideoak Gizartea albisteak Albisteak Gaur Azkoitia bideoak Gaurko azken ordukoa ETB1