Gizartea -

Urgellen esanetan

Ez dute enpresarik zigortuko euskara ez erabiltzeagatik

Kultura Saila araudia aldatzeko lanean ari dela azaldu du sailburuak, isunak behin betiko desagertzeko.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Saltokietan euskararen erabilera arautzen duen dekretua urratzen duten enpresek zigorrik jasoko ez dutela ziurtatu du gaur Blanca Urgell Kultura sailburuak. Erregimen zigortzailea kentzeko formula juridiko egokia aztertzen ari direla iragarri du Urgellek.

Eusko Jaurlaritzak duela bi urte onartutako pertsona kontsumitzaileen eta erabiltzaileen eskubide linguistikoen dekretuak zigorrak aurrikusten zituen, zenbait artikulu urratzen zituzten enpresentzat.

Neurrien artean, bi hizkuntza ofizialetan erantzutera eta errotulatzera behartzen zuen dekretuak. Izan ere, ondasun eta zerbitzuen inguruko informazioa euskaraz eta gazteleraz jasotzeko eskubidea dute herritarrek, legearen arabera. Dekretuaren aplikazioa urtebete atzeratzea erabaki zuen Gasteizko Exekutiboak iragan uztailean, zigor horiek ez exekutatzeko.

Eusko Legebiltzarrean agerraldia egin du sailburuak, UPyDk eskatuta. Kultura Saila araudia aldatzeko lanean ari dela azaldu du sailburuak, isunak behin betiko desagertzeko.

Horrela, dekretuan egin beharreko aldaketak zehazteko txosten juridiko baten zain daudela azaldu du Urgellek. Era berean, pertsona kontsumitzaileen eta erabiltzaileen estatutuko artikulu bat aldatzeko aukera aztertzen ari direla gaineratu du sailburuak, konkretuki zigorrak arautzen dituen artikulua.

Seaskaren diru-laguntzak

Bestalde, Iparraldeko ikastolentzako diru-laguntza zergatik murriztu duten azaldu du Legebiltzarrean Kultura sailburuak. Laguntza horien legezkotasunari buruz Jaurlaritzak "zalantzak" dituela adierazi du Urgellek. Seaskak "diru behar handia" duela erantzun dio EAJk, eta "PPren beldur" izatea leporatu dio Jaurlaritzari.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea