Gizartea -

Polizia operazioa

15 pertsona atxilotuta haur pornografiaren aurkako operazio batean

Halaber, adingabe bat bortxatzea ere egotzi diete. Bartzelonan, Murtzian eta Mallorcan gauzatu dute operazioa.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Espainiako Poliziak 15 pertsona atxilotu ditu Bartzelonan, Murtzian eta Mallorcan, haur pornografia eta prostituzio delituak egotzita, Barne Ministerioak baieztatu duenez. Lau kartzelatu egin dituzte, eta gainerakoei kautelazko neurriak ezarri dizkiete.

Hain zuzen ere, biktimak sexu-harreman ordainduak izatera, exhibizionismoa egitera eta Interneten material pornografikoa banatzera behartu zituzten, betiere aipatu iturrien arabera. Biktimetako bat adingabea zen, eta beste bati sexu erasoa egin zioten.

Barne Ministerioaren esanetan, ikerketa otsailean abiatu zuten. Une horretan, adingabe batek salaketa jarri zuen, aitarekin batera, sare sozialetan ezagututako pertsona batzuek prostituzioa egitera behartu nahi zutelakoan. Pertsona horiek, gainera, biluzik agertzen zen argazki batzuk zituztela ziurtatu zioten.

Poliziaren adituek adingabearen ordenagailua aztertu zuten, eta ondorioz guztira 15 pertsona identifikatu zituzten.

Honez gain, beste delitu batzuk ere egotzi dizkiete, tartean exhibizionismoa, sexu-probokazioa edota haur pornografia izatea eta zabaltzea. Antza, atxilotuek argazki sexualak bidali zizkioten biktimari. Bertan, adingabe gehiago agertzen ziren.

Orotara 11 miaketa egin dituzte Bartzelonan, eta 9 Murtzia eta Mallorkan. Barne ministerioak jakinarazitakoaren arabera, baliteke atxiloketa gehiago izatea.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea