Gizartea -
Emakumeen aurkako indarkeria
Zazpi lagun atxilotu dituzte Nafarroan genero-indarkeria egotzita
Atxiloketak azken egunotan egin dituzte, Iruñean, Etxarri-Aranatzen, Azkoienen, Larragan, Zizur Nagusian eta Tuteran.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Emakumeenganako indarkeriarekin lotutako delituengatik zazpi gizonezko atxilotu ditu Foruzaingoak Nafarroan azken egunotan. Iruñean, Etxarri-Aranatzen, Azkoienen, Larragan, Zizur Nagusian eta Tuteran egin dituzte atxiloketak.
Ohar baten bidez Foruzaingoak jakinarazi duenez, Iruñean 21 urteko gazte bat atxilotu dute, adingabe bati ustez egindako indarkeria-delitua leporatuta. Iruñean ere 41 urteko beste gizonezko bat atxilotu dute bikotekide ohiari eraso egiteagatik.
Bestalde, Etxarri Aranatzeko 53 urteko auzokide bat espetxera eraman dute familiartean egindako indarkeria delitu bat egotzita.
Azkoienen atxilotutako gizonezkoak, berriz, 24 urte ditu, eta genero-indarkeriagatik aurrekari polizialak. Bikotea kolpatzeagatik atxilotu dute. Biktima osasun-zentro batean artatu behar izan dute.
Larragan Foruzaingoko patruila bat etxebizitza batean azaldu da emakumezko bat tratu txarra jasotzen ari zelakoan. Bere bikotekidea, 41 urteko gizonezko bat, identifikatu eta atxilotu egin dute.
Tuteran genero-indarkeriarekin lotutako aurrekari poliziak dituen 20 urteko gazte bat atxilotu dute Udaltzaingoak eta Foruzaingoak.
Azkenik, Iruñean berriro ere 20 urteko beste gazte bat atxilotu du Foruzaingoak, bikotekide ohiarekiko ezarrita zuen urruntze- eta komunikazio-agindua urratu ostean.
----------------------------------------
Tratu txarrak pairatzen badituzu edo kasuren bat ezagutzen baduzu, kontuan hartu gida honetako aholkuak edota deitu telefono hauetako batera: 900 840 111 (Euskadin) edo 016 (Estatu osoan); doakoak dira eta ez dute arrastorik uzten fakturan.