Gizartea -
Ospea
EHUk Bikaintasunaren Campusaren zigilua jasoko du
Euskal Herriko Unibertsitatea aukeratutakoen arteko euskal zentro bakarra da. Iñaki Goirizelaia erretoreak esan du zigiluak unibertsitatea "oso leku onean" uzten duela.
Erredakzioa
Euskal Herriko Unibertsitateak Nazioarteko Bikaintasun Campusaren saria jaso du gaur. Ebaluatzaile espainiarrek eta atzerritarrek osatutako komisio batek aurkeztutako 22 proiektuak aztertu ditu eta aukeratutako sei zentroen artean, euskal unibertsitate bakarra da. Euskampus proiektua ikerketaren eta berrikuntzaren alde apustu egiten duen ekimen bat da eta Donostia International Physics Centerrek eta Tecnaliak babesten dute.
Sariak Europan ospe handia emango dio EHUri eta sustapen ekonomiko handia izango da; izan ere, lau milioi euro jasoko ditu.
Iñaki Goirizelaia EHUko erretoreak esan du zigilua jasotzeagatik "oso pozik" dagoela. Haren esanetan, "unibertsitatea oso leku onean uzten du".
Radio Euskadin esan duenaren arabera, Goirizelaiak Hezkuntza Ministerioak Euskampus proiektuari emandako saria "urte askotako lanari esker ona da".
Goirizelaiaren aburuz, golardoak EHU "pribilejiozko egoera batean" uzten du. "Garrantzitsuena pausoak ematen jarraitzea da, "zientzia sortzea eta gizartean hedatzea zailtasunez betetako bidea da", azaldu du.
Erretoreak esan du Euskampus proiektuak zientziaren sormenean "beharrezkoa" den bide hori "errazagoa" egingo duela. "Horrela, gure baliabideei etekin gehiago atera ahalko diegu", gaineratu du.
Bestalde, erretoreak zehaztu du jasoko dituzten lau milioi euroak inbertsio "oso garrantzitsuetara" bideratuko dituztela. "Proiektuak inbestigaziorako aproposak diren guneak eraikitzeko eta sortzeko hainbat ekimen biltzen ditu", esan du.