Gizartea -
Web orrian
Jaurlaritzak Euskadiko Hobien Mapa argitara eman du
Giza Eskubideen Zuzendaritzak Interneten martxan jarri du Oroimen historikoa berreskuratzea helburu duen gune berri bat.
Erredakzioa
Eusko Jaurlaritzak Euskadiko Hobien Mapa argitara eman du web berri batean. Guneak Gerra Zibilean eta diktadura frankistan Euskadin fusilatu eta/edo desagertutako pertsonen zerrenda ere dauka.
Eusko Jaurlaritzako Giza Eskubideen Zuzendaritzak Interneten martxan jarri du gaur Oroimen historikoa berreskuratzea helburu duen gune berri bat. Gune horrek lasterbidea du Justizia eta Herri Administrazio Saileko Webean.
''Egia berreskuratu, isilaldia hautsi'', da lehen aldiz Euskadiko Hobien Mapa argitaratzen duen eta Gerra Zibilean eta diktadura frankista Euskadin fusilatu eta/edo desagertutako pertsonen zerrenda argitara ematen duen web berri baten leloa.
Aurkikuntza berriak egiten diren heinean handitzen jarraitzeko asmoarekin sortu den informazio-gune bat da, birgaitze moralerako eta gizarte-aintzatespenerako gune bat izateko egin dena.
Hobien Mapak berrogeita hamar hobi komun baino gehiago kokatuta dauden lurrei buruzko informazio zehatza eskaintzen du eta hobi horien kokapenari, ezaugarriei eta aurretiazko zein gorpuak hobitik ateratzeko txostenei buruzko datuak jasotzen ditu.
Ekimen hau Gerra Zibilean eta diktaduran jazarpena edo indarkeria jasan zutenen eskubideak aintzatetsi eta zabaltzen dituen eta haien aldeko neurriak ezartzen dituen abenduaren 26ko 52/2007 Legea betez egin da.
Horren 12.2 artikuluak ezartzen du administrazio publikoek, bakoitzak bere lurralde-esparruan, hobiak dauden lurren mapak egin eta interesdun guztien eskura jarriko dituztela.
Fusilatu eta/edo desagertutako pertsonen zerrendak, bere aldetik, dagoeneko 8.560 izen biltzen ditu (7.336 Euskal Autonomia Erkidegokoak ziren). Duen helburua biktima horiei aintzatespen publikoa egitea da, "oroimen historikoa berreskuratzea, askatasunaren eta balio demokratikoen alde borrokatu zirenak inguratzen dituen isiltasuna bukatu dadin".
Oroimen Historikoaren web berrian, askatasun-gabetzea jasan zuten pertsonei egindako konpentsazioen urteko banakapena eta Eusko Jaurlaritzak Euskal Autonomia Erkidegoan bizi diren pertsonen bizitzan Gerra Zibilak eta diktadura frankistak izan zituzten ondorioak arindu guran egin dituen hitzarmen eta araudien bilduma ere kontsulta daitezke.