Gizartea -
Eusko Jaurlaritza
Hamar jarraitzaile zigortu dituzte Athletic-Olympique partidako istiluengatik
3 eta 12 hilabete arteko epean futbol-zelaietan sartzeko debekua eta 600 eta 3.500 euro arteko isunak ezarri dizkiete.
Agentziak | Erredakzioa
Eusko Jaurlaritzako Joko eta Ikuskizun Zuzendaritzak hamar espediente bideratu ditu 2016ko otsailaren 25ean Athletic eta Olimpique Marseilla taldeen arteko partida jokatu aurretik San Mames futbol-zelaiaren inguruan izandako istiluengatik.
Egun hartan, 30 bat pertsona elkartu ziren Poza Lizentziatuaren kalean, Sabino Arana kalearen kantoian, eta futbol-zelaira sartzera zihoazen beste taldeko zaleengana joan ziren, metalezko barrak, aulkiak eta bestelako objektuak hartuta. Objektuak botatzen eta irainak egiten hasi zitzaizkien, haiek haserrarazteko asmoz elkarrekin borrokatzeko, eta Ertzaintzak esku hartu behar izan zuen erasoa geldiarazteko.
Horren aurrean, Kirol-ikuskizunetako indarkeriaren, arrazakeriaren, xenofobiaren eta intolerantziaren aurkako Legea aplikatuz, Eusko Jaurlaritzak 3 eta 12 hilabete arteko epean futbol-zelaietan sartzeko debekua eta 600 eta 3.500 euro arteko isunak ezarri dizkie.