Gizartea -
Epaia
Tafallan senarra hil zuen emakumea absolbitu egin dute
Epamahaiak frogatutzat eman du 64 urteko emakumeak bere burua defendatzeko egin zuela. "Ezin dut oraindik sinestu", esan du Maria Pilar Marcos Rubiok.
Erredakzioa
Iaz Tafallan senarra hiltzeagatik epaitu duten 64 urteko emakumea absolbitu du gaur eguerdian herri epaimahaiak, bere burua defendatzeko egin zuela argudiatuz.
Fiskalak 11 urteko kartzela zigorra eskatu zuen, senarra nahita hil zuela esanez.
Defentsak, berriz, errugabetzeko eskatu zuen, Jose Antonio Gil Silva 77 urteko senarraren heriotza nahi gabe gertatu zelakoan.
Epaimahaiaren erabakia entzun eta berehala, pozez oihuka hasi dira emakumearen familiako kideak.
Auzipetuak epaiketaren lehen egunean deklaratu zuenez, senarrari "jipoi gehiagorik onartuko ez nuela esan nahi nion, baina ez nion minik eman nahi".
Epaia ezagutu ondoren, gertatutakoa sinesten ez duela esan du Maria Pilar Marcos Rubiok. Une honetara iritsi artekoa "amesgaiztoa" izan dela gaineratu du.
"Oraindik ezin dut gertatutakoa sinetsi, baina aurretik gertatutakoa sinestea ere zaila zen. Amesgaiztoa izan da orain artekoa", esan du hedabideen aurrean.