Gizartea -
Eguraldia
Haizea eta euria, Urtezahar eta Urteberri-egunean
Larunbatean eguraldi ona izango dugu, baina igande arratsaldean fronte hotz bat sartuko da eta euria ekarriko du.
Agentziak | Erredakzioa
Haizea eta euriarekin amaituko dugu urtea, eta hala hasiko dugu 2018an ere, Euskalmetek egindako iragarpenaren arabera.
Larunbatean eguraldi ona izango dugu. Goizean goiz behe-lainoa izango da, baina orduek aurrera egin ahala ostarteak nagusituko dira. Tenperatura 15 gradutan egongo da barnealdean eta 18-19 gradutan kostaldean.
Igande goizean, Urtezahar-egunean, haizeak hego-mendebaldetik joko du. Mendialdean ufadak 90-100 km/h-koak izango direla ohartarazi dute. Tenperatura 13-15 gradutan egongo da barnealdean eta 15 gradutan kostaldean.
Arratsaldean, fronte hotz bat iritsiko da eta haizeak ipar-mendebaldetik joko du. Haize-boladak oso gogorrak izango dira kostaldean. Euria egingo du, eta Kantauri isurialdean ekaitzak izan daitezke eta txingorra bota dezake.
Tenperaturak behera egingo du eta elur-maila 1.000-1.200 metrotan egongo da, gauean.
Astelehen goizean, Urteberri-egunean, ateri izango da eta lainoak desagertuz joango dira. Tenperaturak behera egingo du: 0-5 gradu izango dira barnealdean. Maximoa 10-15 gradutan egongo da.
Arratsaldean, euria eta haizea ekarriko duen beste fronte bat iritsiko da. Haizeguneetan ufadak gogorrak izango dira.