Gizartea -
Urtezahar eta urteberri
Abisu horia igandean, 100km/h-ko haize-boladengatik eta 5 metrorainoko olatuengatik
Igande honetan hodeituta egongo da zerua goizaldean, erdi-mailako hodeiak eta goi-hodeiak nagusi izanik. Egunak aurrera egin ahala, hodeiak ugaritu egingo dira.
Agentziak | Erredakzioa
Eusko Jaurlaritzako Larrialdiei Aurre Egiteko eta Meteorologiako Zuzendaritzak abisu horia ezarri du igande honetan, itsasaldeko arriskuengatik. Lehen bi miletan bost metrorainoko olatuak egon daitezke. Gainera, 100 km/h-ko haize-boladak espero dira.
Goizaldean hodeituta egongo da zerua, erdi-mailako hodeiak eta goi-hodeiak nagusi izanik. Egunak aurrera egin ahala, hodeiak ugaritu egingo dira, eta arratsaldean zerua oso hodeitsu edo estalita geratuko da. Hala, prezipitazio txikiak espero dira, bereziki Kantauri isurialdean.
Euskalmetek zabaldutako oharraren arabera, baliteke Kantauri isurialdean ekaitzak izatea eta txingorra egitea. Arratsaldean elur-kota azkar jaitsiko da eta baliteke gauean 1000-1200 m-ra egotea.
Urteari amaiera emateko, lehen bi milietan abisu horia ezarriko dute itsasaldeko arriskuagatik. Olatuen altuera adierazgarria 3,5 metro ingurukoa izango da. Gauean, bost metrorainoko olatuak egon daitezke. Gauzak horrela, kostaldean 02:00etatik 03:00etara egongo da indarrean abisu horia. Itsasgora 02:39ean izango da, 4.19 metroko altuerarekin. Halaber, 14:00etatik 16:00etara abisu horia berriro egongo da indarrean euskal kostaldean, itsasgora 15:08ean izango baita, 4.27 metroko altuerarekin.
Bestalde, 15:00ak arte haizeteagatik ezarri den abisu horia indarrean egongo da. Hego-mendebaldeko haize-boladak 100km/h-koak izan daitezke, bereziki mendebaldeko mendi inguruetan. Arratsaldean, mendebaldeko edota ipar-mendebaldeko haize boladak 90 eta 100km/h-koak izan daitezke, bereziki kostaldean.
Halaber, haizeguneak ez diren lekuetan haize-boladak 60-80km/h-ko ingurukoak izan daitezke, bereziki Araban.
Asteleheneko iragarpena
Astelehenean, zerua tarteka hodeitsu egongo da. Egunak aurrera egin ahala, hodeiak ugarituz joango dira, eta arratsalde-gau partean oso hodeitsu geratuko da. Hala, egunaren amaieran prezipitazio txikiak espero dira, bereziki Kantauri isurialdean.
Urteberri-egunean, abisu horia ezarriko dute itsasaldeko arriskuagatik lehen bi milietan. Olatuen altuera adierazgarria bost metro ingurukoa izango da, eta ipar-mendebaldeko hondoko itsasoak 4 eta 4.5 metro arteko olatuak altxatuko ditu.
Kostaldean, 02:00etatik 05:00etara egongo da inarrean abisu horia. Olatuen altuera adierazgarria 4.43 metro ingurukoa izango da itsasgorarekin, 03:31ean. Arratsaldean, 14:00etatik 18:00etara egongo da indarrean abisua, itsasgora 16:01ean izango baita, 4.42 metroko altuerarekin.
Era berean, 21:00ak arte indarrean egongo da haizeteagatik ezarritako abisu horia. Mendebal-osagaiko haize-boladek 100km/h-ko abiadura gaindi dezakete. Goizean bereziki mendebaldeko inguruetan eta arratsaldean, kostaldean.
Bestalde, Araban, haizelekuak ez diren lekuetan haize-boladak 70-80 km/h-ko ingurukoak izango dira, eta gainerako lekuetan 60 eta 70 km/h-koak.
Arabako zenbait tokitan izotz txikia egiteko aukera handia dago, bereziki mendi inguruetan. Arrazoi horregatik, 06:00ak arte indarrean egongo da muturreko tenperatura baxuengatik ezarriko duten abisu horia.