Gizartea -
Gertakaria
Donostia Ospitaleko zenbait gela jendez hustu dituzte sute batengatik
Sotoan dagoen errehabilitazio gunean piztu da sua. Farmazia eta errehabilitazio aretoak hustu dituzte eta eraikineko ebakuntza guztiak bertan behera geratu dira.
Erredakzioa
Donostiako suhiltzaileek Donostia Ospitalean piztutako sute bat itzali dute gaur goizean. Suaren ondorioz zenbait gela jendez hustu behar izan dituzte, baina badirudi ez dela zauriturik izan.
SOS-Deiaken edo Osakidetzaren iturriek jakitera eman dutenez, oraindik ez dakite sua zerk eragin duen, baina bai non piztu den: eraikineko sotoko errehabilitazio gunean, hain zuzen ere.
Farmazia eta errehabilitazio guneak jendez hustu dituzte eta eraikinean egitekoak ziren ebakuntza guztiak bertan behera geratu dira.
Oraindik ez dute zehaztu suak eragindako kaltea handia izan ote den, baina badirudi ez dituela ondorio larriak izango.